Aurreko igandean Zarautzen, 81 kilometroko lasterketa jokatu zuten; ibilbidean Muniosorotik lau aldiz igo zuten Meaga. Hala ere, oso lasterketa azkarra izan zen, bataz besteko 42,28 kilometro orduko abiadurarekin. Taldetik onena Aratz Unanue izan zen: garaipena lehiatu zuen multzoan helmugaratu zen eta hamargarren sailkatu zen Iraetako txirrindularia; Danel Beristain 46. sailkatu zen irabazlearengandik –Ruben Sanchez, pistako Europako txapeldunordea aurten, iaz txapelduna– bi minutura; eta 60. Jon Berasategi (12. kadetea), 6 minutura. 131 txirrindulari batu ziren irteeran eta helmugako marra 82k zeharkatu zuten.
Beñat Sainz Bartzelonan izan zen nazioarteko pistako proba batean parte hartzen. Omniumean (lau probaren batuketa) pedal kolpe onarekin aritu zen, nahiz eta azken aldian errepidean zentratu eta pistan aspaldi ibili ez. Baina, bosgarren amatzea lortu zuen.
Igande honetan amaituko da denboraldia eta Gipuzkoako Federazioko zuzendaritzak dimisioa eman ostean, Gipuzkoako ziklismoa geldirik dela esan daiteke; une honetan dena geldirik dgo, ikusteke zer gertatuko den pista, ziklo kros eta hurrengo errepideko denboraldiarekin. Gipuzkoako ziklismoa mobilizazioekin hastera doa, Gipuzkoako eta Euskadiko agintariek ez baitute talenturik erakutsi Gipuzkoako Trafiko arduradunekin dagoen arazoari irtenbidea bilatzeko.
Aitor Agirre
Indartsu ari da bukatzen Laboral Kutxako txirrindularia denboraldia. Asteburuan 13. sailkatu zen Urdulizen, eta bigarren Altsasun, non hogei txirrindularik bakarrik lortu zuten lasterketa bukatzea. Merezimenduak egin ditu profesional mailan aukera eman diezaioten, baina momentuz ez du inolako baieztapenik jaso. Asteburu honetan Seguran korrituko du eta hortxe amaitu du denboraldia.
Etorkizuna
Behin 2024 denboraldia amaituta, 2025ari begira lanean hastea tokatzen da, nahiz eta Gipuzkoan panorama batere ona ez izan eta une honetan ez jakin zer gertatuko den ziklismoarekin. Baina, Zumaiako Txirrindulari Elkarteak gazte eta umeek ziklismoa ezagutu dezaten eta kirol honetara gertura daitezen lanean segiko du, eta horrela, astearterako, irailak 24, bilerara deitu ditu datorren urtean benjamin , kimu, infantil izango diren neska-mutilak. Bilera arratsaldeko 7etan Zumaiako Txirrindulari Elkarteak Fielatoan duen bulegoan egingo da (udaltzainen aurreko eraikinean). 2016an, 2015ean, 2014an, 2013an, 2012an eta 2011n jaiotako gaztetxoei dago luzatuta deia.