Horretaz gain, lasterketetan eta martxetan behar diren lotura moto eta anbulantziekin ere makina bat arazo badago konpontzeko; arazo zaharrak, baina aldundiak eta Jaurlaritzak, utzikeriagatik konpondu ez dituenak. Une honetan arazo larri bihurtu direnak txirrindulari elkarte eta eskolentzat.
Azken bi urteetan gorabehera asko izan da eta “partxeatuta” salbatu dira lasterketak. Behin behineko irtenbideak lortu dira asko borrokatuta astetik astera, baina Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak nahikoa dela esan du; horrela ezin da lanik egin eta kide guztiek dimisioa eman dute. Urriaren 13rako, goizeko 11:00etan, manifestazioa deitu dute Donostian, Belodromotik abiatu eta Boulevard bitartean.
Azken finean herri honetako agintariei bitartekoak jartzeko eskatu nahi zaie, txirrindularitzak Gipuzkoan bizi duen egoera larriari konponbidea bilatzeko. Zumaiako Txirrindulari Elkarteak bat egingo du Gipuzkoako Federazioaren deiarekin eta txirrindulari, guraso, zale, etxeko, jarraitzaile, zikloturista, …txirrindularitza maite eta etorkizunean sinisten duen orori gonbidapena luzatu nahi dio bide batez igandeko manifestaziora joateko.