Denboraldiaurrean lanean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025ko urt. 22a, 14:04

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak lanean segitzen du errepideko denboraldia ofizialki hasi zain. Talde entrenamenduak egiten ari dira bai kadete, baita jubenilak ere. Bien bitartean mendi bizikletako lasterketak izan dituzte aurreko asteburuan. 

Irunen goiz hotz batean eta ibilbidea izoztuta zegoela jokatu zituzten benjaminek, kimuek eta infantilek denboraldiko bigarren jardunaldiko lasterketak. Asteasuko jardunaldian baino askoz ere hobeto ibili ziren, emaitzak orokortasunean aztertuz ez gero. Emaitzei ez diegunez garrantziarik ematen, eta arreta ikastean jartzen dugunez, erabat ontzat eman behar jardunaldia. Podiumera neskak igo ziren: Mairi Lejarreta bigarren sailkatu zen kimuen mailan eta bigarren eta hirugarren izan ziren infantiletan Amalia Agirre eta Amaia Agirre. Amaia bigarren zihoan eta eroriko baten ondorioz ahizpak aurreratu zuen.  

Oso pozik amaitu zuten Zumaiako Txirrindulari Elkarteko harrobiko txirrindulari guztiek lasterketak ondo bukatuta Irunen eta gogoz hurrengoaren zain. Otsailaren 2an izango da datorren hitzordua, baina lehiaketarik gabe; Lezon, Jaizkibelen magalean BTT ibilaldia osatuko dute. Eskola kirolek ederki araututa dute ume bakoitzak zenbat lasterketa lehiatu ditzakeen (mugak daude) eta hori horrela, Lezokoa bizikleta martxa izango da. Horren ondoren otsailaren 22an errepideko lasterketak hasiko dira. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide