Aitor Agirre eta Mattin Salegi denbora hastera doaz

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025ko urt. 31a, 15:00

Mattin Salegi.

2025eko errepideko denboraldia hastera doa. Ohi denez, Ipar Euskal Herrian abiatuko da denboraldia eta bertan ekingo diote sasoi berriari, Euskadi Fundazioarekin Aitor Agirrek, eta Eulen Jira Birarekin Mattin Salegik.  

Aitor Agirre 2024ean erlojuaren aurka nabarmendu da Espainiako txapelketa irabaziz; Gipuzkoakoa ere bai eta Zamorako Itzuliko atarikoa ere bai. Baina, horrezaz gain, beste zerbait ere erakutsi zuen: Bidasoako Itzulian Jaizkibelgo etapa irabazi zuen, lider jarri eta azken eguneko eroriko batek jokoz kanpo utzi zuen podiuma lehiatzeko 23 urtez mailako Itzulirik onenean. Aurten beste urrats bat eman nahi du eta helburua profesional mailarako jauzia ematea du. Horretarako prestatu da eta denboraldi hasieratik aurpegia emateko prest da, udaberrian jokatuko baitira, besteak beste, Espainiako Kopako lasterketa nagusiak: Aiztondo, Legazpi edo Balentziaga, besteak beste. 

Oso txirrindulari lehiakorra da Aitor Agirre, beti aurpegia ematen duen horietakoa, eta oinarri horrekin lasterketak borobildu nahi ditu aurten.  

Mattin Salegik ere badu ezaugarri hori: aurpegia eman, ihesaldia harrapatu, talde gizona izan. Bere bigarren denboraldia hastera doa eta Salegik lehen urtean ikasitakoari, hartutako eskarmenduari, etekina ateratzea du amets, horrela sinistuta dago postu aipagarriren bat lor dezakeela aurten. 

Larunbatean Bokale-Tarnos, 114 kilometroko etapa korrituko dute, eta igandean Kanbo inguruan osatuko dituzte 110 kilometro. 

Beñat Sainz pistan 

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txirrindulariek berriz asteburu honetan ez dute lasterketarik, eta aurki hasiko den errepideko denboraldiari begira lanean segituko dute. Beñat Sainz juniorra, berriz, Tafallara (Nafarroa) doa, larunbatean pistako Espainiako Kopako hirugarren saioan parte hartzera. Bordelen (Frantzia) orain arte lortutako emaitzei eta puntuei zerbait gehiago batu nahi dizkie ahal dela, Espainiako Txapelketetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa baita puntu kopuru jakin bat izatea. Katarro gogor bati badirudi buelta eman diola, baina, taldekiderik gabe, taldekideekin ondo babestuta korrituko duten txirrindularien aurka lehiatzera doa arroarra.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide