Jon Agirre, Valentziako Itzuliko podiumean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025ko ots. 14a, 11:15

Jon Agirre, Mendiko Saria jasota. (Utzitakoa)

Zumaiako Txirrindulari Elkartean hazitako Jon Agirrek irabazi du Valentziako Itzuliko Mendiko Saria.

Euskaltel Euskadi taldean da aurten arroarra. Hirugarren etapan erori egin zen,  laugarrenean ihesaldian sartu zen, eta azken etapako abanikoetan denbora galdu zuen. Ihesaldiari etekina atera zion, hala ere, eta Mendiko Saria bereganatu zuen Jon Agirrek. Lorpen garrantzitsua parte hartu duen txirrindularien maila ikusita; beti da inportantea podiumean protagonista izatea.

Essor Basque bukatu da eta bigarren asteburuan lasterketa bakarra korritu du Aitor Agirrek eta bat ere ez Mattin Salegik. Euskadi Fundazioko txirrindulariak Mauleko (Zuberoa) lasterketan korritu zuen, baina ezin izan zuen bukatu. Lasterketa neutralizatu egin zuten eta geldi egondako denboran hoztu egin zen; eguraldi baldintzak gordinak ziren eta ezin izan zuen gorputza bere onera ekarri. Hilaren 22an Zumaian ekingo diote bi zumaiarrek Hegoaldeko denboraldiari.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko infantil eta kimu batzuek igande honetan Berastegin hasiko dute errepideko denboraldia. Datorren astean, larunbat arratsaldean, guztiek Zarautzen parte hartuko dute. Kadete eta juniorrek, aldiz, martxoaren 1ean eta 2an hasiko dute denboraldia, baina Beñat Sainz juniorrak igande honetan pistako Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide