Aurten ere Zumaiak estreinatuko du Hegoaldeko errepideko denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025ko ots. 20a, 15:00

BeƱat Sainz, pasa den asteburuan Donostiako belodromoan.

2025ean ere Zumaia Saria izango da errepideko Hegoaldeko denboraldiko lehen lasterketa. Ohiko ibilbidea, esprinterrentzat egokia eta junior mailatik pasa direnentzat ere bukatzeko modukoa. Honek guztiak animatuta, 200 txirrindulari inguru (arautegiak baimentzen duena) izango dira larunbatean Euskaldun torneorako puntuagarria den lasterketan.

Goizeko 10:00etan hasiko da 29 urtez azpiko mailakoen lasterketa, eta bertan parte hartuko dute Euskal Herriko talde guztietako ordezkariek. Horien artean izango dira bi zumaiar: Euskadi Fundazioarekin Aitor Agirre, eta Eulen Jira Birarekin Mattin Salegi.

114 kilometro ditu ibilbideak. Azken itzulietan Meagako gaina igoko dute bi aldiz, baina hala ere oso zaila izango da esprinta saihestea. Hori bai, oso lasterketa azkarra iragartzen da eta arratsaldeko ordubaterako irabazlearen izena izango dugu. Podiumera lasterketako hiru lehenak, talderik onena eta tarteko helmuga eta mendiko sariko irabazleak igoko dira. Iaz Movistarreko Ivan Romeo izarraren anaia, Sergio Romeo, izan zen garailea Zumaiako helmugan. Finisherri denboraldiko lehen garaipena emanez.

Larunbat goizean 29 urtez azpikoen txanda izango bada, arratsaldean, Zarautzen, Eskola kiroleko zonaldeko lasterketa jokatuko da. Zumaiako Txirrindulari Eskolako ordezkariak Zarautzera kopuru esanguratsuan joango dira: hamabost txirrindulari izango dira parte hartzen, bosna maila bakoitzean (benjamin, kimu eta infantilak). Zarautzen arratsaldeko 4.30ean hasiko dira lasterketak.

Kadeteek eta jubenilek martxoaren 1ean eta 2an hasiko dute denboraldia.

Jubenil mailako Beñat Sainz aurreko asteburuan pistako Gipuzkoako Txapelketan izan zen. Taldekako abiaduran, Gipuzkoako txapeldunari dagokion mailota jantzi zuen, denborarik onena osatzean Eneko Ugartemendia eta Urko Nazabalekin hirukotea osatuta.

Pista alboratu eta errepidean zentratuko da aurrerantzean Beñat Sainz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide