Indartsu hasi du denboraldia Zumaiako Txirrindulari Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025ko mar. 13a, 09:23

Benjamin mailako korrikalariak, Hernanin.

Junior mailako Mutrikuko karreran, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek denboraldiko lehen top 10a lortu dute: Beñat Sainz zazpigarren sailkatu zen, eta Aratz Unanue zortzigarren.

Oso lasterketa gogorra izan zen, eta esan daiteke bi zati izan zituela; lehen erdia laua, Mutriku, Osintxu eta Deba bitartean, eta ondoren, Kalbarioko bi igoerekin, bigarren zati malkartsua. Ihesaldi ahalegin ugari izan zen lehen zati horretan, eta hor Oñatz Etxabek egindako lana nabarmentzekoa izan zen, txirrindulari aizarnazabaldarra eten guztietara irten baitzen; ihesaldi ahalegin guztiak bertan behera utzi zituen, taldeko bi igotzailerik onenak egoera erosoan hel zitezen azken zati horretara. Kalbario izan zen lasterketa hautsi eta erabaki zuena. 163 txirrindulari irteeran eta hortxe hamar onenak gelditu ziren buruan, horien artean Beñat Sainz eta Aratz Unanue. Bukaeran, Aratz Unanue hamarreko horretatik ihes egiten saiatu zen; azken hiru kilometroetan erasoa jo eta aurrera egin zuen, baina ahalegina ez zen balekoa izan, eta azken metroak ere maldan gora zirenez, hortxe zehaztu zen sailkapena: Beñat Sainz zazpigarren eta Aratz Unanue zortzigarren. Taldetik Jon Brasategi izan zen lasterketa amaitzea lortu zuen hirugarrena, 61. sailkatuz.

Asteburu honetan juniorrek Berriatuan eta Azpeitian izago dituzte lasterketak, bi lasterketa oso gogor.

Kadeteak Mendaron lehiatu ziren, 199 txirrindulari ziren irteeran eta bukaeran, esprintera, 150 ailegatu ziren. Oso ondo kokatuta sartu ziren azken 300 metroetan Amets Alberdi eta Borja Osa, baina zortea ez zuten alde izan eta biak erori ziren. Unai Egaña pelotoian heldu zen eta Xuban Arakistain segundo batzuek atzerago.

Larunbat honetan Zarautzen dute hitzordua kadeteek eta bertan parte hartuko dute Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko lau txirrindulariek; Amets Alberdik eta Borja Osak ere bai, zorionez ondo baitaude.

Zumaiako Txirrindulari Eskolako harrobikoek Hernanin izan zuten lasterketa. Benjaminek ibilbide lau-laua izan zuten eta bertan primeran ibili ziren, oso lasterketa ona eginez taldeko 5 kideek: Beñat Iraola, Aratz Aranburu, Aiert Olkoz, Julen Erkiaga eta Amets Agirrek. Alebinek maldatxo exijntea zuen zirkuituari lau itzuli eman zizkioten eta lasterketa Galder Zumetak hautsi bazuen, errematea Mikel Otañok eman zion, deboraldiko bigarren garaipena lortuaz. Markel Lizaso ere bikain defendatu zen eta eroso amaitu zuen lasterketa gogorra. Mairi Lejarreta nagusitu zen nesken artean: kontrol lana egin, indarrak ondo gobernatu eta bukaeran azkarrena izan zen. Infantiletan, zortzi itzuliko lasterketa sinez gogorra izan zen txirrindularientzat, baina Julen Alkortak oso ondo neurtu zituen bere aukerak, hamargarren amaituz. Hasieran ausartago ibili zen Aimar Martinez eta bukaeran ordaindu egin zuen: 15. bukatu zuen. Raul Emilio Flashey ere, nahiz eta lehenak atzetik harrapatu, lasterketa osatu ahal izan zuen. Neskei dagokionez, Amaia Agirre bigarren sailkatu zen, Inge Zumeta hirugarren, atzetik aurrera oso lasterketa polita eginez, eta ondoren ailegatu zen Amalia Agirre.

Asteburu honetan harrobikoek Usurbilen, Urbil merkatalgune inguruan, izango dute proba.

Aiztondo klasikoa

Adunan hasi eta Villabonan bukatu zen Aiztondo klasikoa, Espainiako Koparako proba puntuagarria. Bertan, bi zumaiar izan ziren: Aitor Agirre eta Mattin Salegi. Euskadi Fundazioko Aitor Agirre eguneko ihesaldian sartu zen; ibilbidea oso gorabeheratsua zen, metro laurik ez atsedenerako, errekuperatzeko tokirik ez, eta azkenean ordaindu zuen aurrez egindako ahalegina. Baina, 75. postuan bukatu zuen. Eulen-Jira Birako Mattin Salegi, berriz, erori eta jokuz kanpo gelditu zen.

Aste honetan Aitor Agirrek bi lasterketa ditu, Berriatuan eta Zamoran (Espainia); Mattin Salegik, berriz, denboraldiko lehen itzuliari egingo dio aurre, Extremadurako itzuliari, hain zuzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide