Aurreko ostiralean jokatu zen nesken San Martzialgo igoera, Bergaran, eta podiumera igo ziren Zumaiako txirrindulari Maite Urteaga eta Garazi Bergara. Urteaga lehena izan zen eta hirugarren Bergara. Ez zen hura izan asteburuko lasterketa bakarra Zumaiak txirrindularientzako. Larunbatean Seguran jokatu zen asteburuko bigarren lasterk. Bertan, Maite Urteaga bigarren sailkatu zen; Garazi Bergara, berriz, bere mailan 22. izan zen. Igandean, Maite Urteagak Azpeitian mutil juniorrekin parte hartu zuen eta oso lasterketa gogorrean, 37. sailkatzea lortu zuen. Kadete mailan, Laia Zumeta aizarnazabaldarrak zortzigarren amaitu zuen Bergaran eta 13. Seguran. Asteburu honetan Espainiako Kopako lasterketa izango dute Beasainen.
Juniorrak punta-puntan
Asteburu benetan gogorra izan dute Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko juniorrek. Eguraldi baldintzak Berriatuan (Bizkaia) muturrekoak izan ziren. Lasterketa 27 txirrindularik bakarrik bukatu zuten –94 izan ziren irteeran–, eta horietatik bederatzik hipotermia izan zuten.
Beñat Sainzek eta Aratz Unanuek lasterketa bukatu zuten; lehen multzoan izan ziren lasterketa osoan, karrera bukatu zuen multzo bakarrean; meritu ikaragarria haiena. Izan ere, lau gradu izan zirenlasterketa osoan, euria goian, behean, karrera osoan, eta ibilbide bihurri bihurria. Lasterketaren gogortasunari erantzun zioten baina bukaeran benetan larri ziren; gorputzaldiari buelta ematea ere kosta zitzaien, batez ere Aratz Unanueri. Hala ere biek igandean Azpeitian parte hartu zuten eta maila oso ona eman: Beñat Sainz zazpigarren sailkatu zen eta Aratz Unanue 8. Altzarteko malda tenteak galbahea pasa zuenean, aukeratuen taldetxoan utzi zituen biak; hiru lehen txirrindulariak banan-banan helmugaratu ziren eta ondoren sailkatutako boskotean Viveros San Anton-Marduko bi txirrindulariak egon ziren.
Taldeak jarrera aparta izan zuen lasterketan. Honetan ere eguraldia negu-negukoa izan zuten arren, talde lan bikaina egin zuten; Jon Berasategi eguneko ihesaldian protagonista izan zen. Denboraldiko lehen lasterketa hauetan nabarmentzen ari dira, Gipuzkoako junior mailako txirrindularirik onenen artean, Aratz Unanue eta Beñat Sainz.
Asteburu honetan Antzuolan dute lastrkeka juniorrek. Ibilbidean Deskarga eta bukaeran Uzarragako igoera gainditu beharko dituzte; denboraldi honetan maldan gora bukatuko den lehen lasterketa izango da.
Kadeteak
Etxetik gertu zuten lasterketa kadeteek, Zarautzen. Goiza hotz esnatu zen eta lasterketa hastearekin batera txingorrak erasotu zituen txirrindulariak. Kasta erakutsiz aurre egin behar izan zieten baldintza zail eta gogorrei kadeteek. Xuban Arakistainek arazo fisikoak izan zituen eta lasterketa utzi zuen, baina beste hirurek multzo nagusian osatu zuten lasterketa. Karrera Meagako igoeretan erabaki zen: bigarren eta azken igoerak epaia eman zuen, jaitsi eta helmuga aurrez aurre topatu baitzuten txirrindulariek. Unai Egaña 34. sailkatu zen, Borja Osa 37., eta Amets Alberdi 56. 135 txirrindulari elkartu ziren irteeran, baina 99 bakarrik ailegatu ziren helmugara. 45 kilometroko lasterketa ordubete pasatxoan osatu zuten ziklistek. Batez besteko abiadura 42,2kilometro ordukoa izan zen. Baldintzak ikusi eta Meaga bi aldiz igo zutela kontutan hartuta, oso-oso azkar ibili ziren. Asteburu honetan Deban dute lasterketa kadeteek.
Eskola kirolak
Harrobia landuz jarraitzen du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak (ZTE), eta igandean Urbil merkatalgunearen inguruan jokatu zituzten lasterketak benjaminek, kimuek eta infantilek.
Maila guztietan presentzia handia izan zuen ZTEak. Benjaminetan, Aratz Aranburu eta Beñat Iraola podiumetik gertu ziren bukaeran, hauengandik oso aparte ez Julen Erkiaga eta Amets Agirre. Kimuetan, lasterketa ikusgarria osatu zuten Mikel Otañok eta Galder Zumetak. Biak heldu ziren azken metroetara tartea hartuta; indar gehien esprintean Mikel Otañok izan zuen, denboraldiko hirugarren garaipena lortuaz eta lehenengoz bigarren sailkatu zen Galder Zumeta, aurreko lasterketetan baino osoago ailegatuaz azken metro horietara. Mairi Lejarretak nesketan garaipen erosoa lortu zuen, alde handia ateraz beste neskei. Infantiletan, Aimar Martinezek orain arteko lasterketarik onena osatu zuen eta zortzigarren bukatu zuen. Berekin zen Mikel Egañak ez zuen zortea lagun izan, azken aurreko itzulian –zortzi itzuli izan ziren– erori egin baitzen. Nesketan foto-finisha behar izan zen Amalia Agirre eta Amaia Agirreren arteko irabazlea nor zen erabakitzeko; aurrena eta bigarren sailkatu ziren bi ahizpa zumaiarrak: lehena Amalia Agirre eta bigarren Amaia Agirre. Asteburu honetan Mendaron parte hartuko dute.
Aitor Agirre eta Mattin Salegi
Euskadi Fundazioko Aitor Agirrek, Berriatuan, larunbatean, neguko eguraldiarekin lasterketa gogorra izan zuen. Ihesaldian sartu eta helmugarako oso gutxi faltan harrapatu zuten. Garaipeneko borrokatik kanpo gelditu zen, lasterketa on bat osatu ondoren. San Jose egunean, berriz ,Zamoran (Espainia), Muelas del Pan herrian, 177 kmko lasterketa izan zuen. Haize babes eta abanikoetan ondo moldatu zen, eta lasterketa buruko multzoan egin zuen karrera osoa. Azken igoeran zertxobait atzeratu zen, eta 37. sailkatu zen. Asteburu honetan Onturren, Albaceten, Espainiako Kopako lasterketan parte hartuko du.
Eulen JiraBirako Mattin Salegik, aldiz, Extremadurako Itzulia osatu du. Hiru etapa izan dira, eta taldeko zutabe nagusia izan da, Meredith taldekideak bigarren amaitzeko. Taldelan aparta osatuta, sailkapen nagusian 71.a izan da zumaiarra; lehen etapa 88. bukatu zuen, bigarrena 71., eta hirugarren etapa 77. Asteburu honetan Eukal Herria Torneoko lasterketa izango du Laukizen.