Juniorretan eta kadetetan, zumaiarrak onenen artean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025ko mar. 28a, 15:00

Beñat Sanz eta Aratz Unanue, pasa den astean Antzuolan. (MaiTxi)

Aratz Unanue eta Beñat Sanz juniorretan, eta Borja Osa kadeteetan, onenekin aritu zien pasa den asteburuan jokatutako lasterketetan. 

Junior mailako Uzarragako igoeran, 75 kilometroko lasterketan, karrerako protagonista nagusia izan zen Aratz Unanue. Zailtasunei dagokionez, amaierako malda tentearen aurretik, Deskargako malda gogorra gainditu behar izan zuten txirrindulariek. Hor onenen erritmoak 190 txirrindulariz osatutako pelotoia luzatu zuen, eta lehen galbahea pasatu.  Jaitsieran, eta Udanarako bidean, hiru txirrindularik aurrera egin zuten, eta horien artean izan zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko Aratz Unanue.  

Udana-Oñati buruan egin, eta Bergararako atzetik zetozen zazpi txirrindulariek beraiekin bat egin zuten. Horien artean zen Beñat Sainz taldekidea, eta horrelaxe heldu ziren Uzarragaren oinetara, Antzuolan. Behin gorantzako bidea hartuta, Aimar Fernandez de Gorostizaren erasoari Aratz Unanuek erantzun zion, eta helmugarako gutxiren faltan , indarrak ahultzen joan zitzaizkion Iraetakoari. Azkenean, bosgarren sailkatu zen. Bere aurretik, atzetik aurrera etorrita, Beñat Sainz sailkatu zen. Hirugarren, Mikel Sanz Esteibar sailkatu zen; txirrindulari hau bizkaitarra da, Samuel Sanchezen MMR Academy taldean korritzen du, eta ama zumaiarra du.   

Uzarragako igoeran Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak bigarren talderik onena izan zen. Sainz eta Unanueren ondoren, Jon Berasategi 66. sailkatu zen, hiru minutura, eta Lukas Blanco 81., bost minutura.  

Oso oso bizkor ibili ziren txirrindulariak. Baita kadeteak Deban ere, pelotoia ez ze hautsi eta multzoa bat eginda ailegatu zen helmugara. Esprintean erabaki zen garailea, eta esprint horretan zortzigarren tokian sailkatu zen Borja Osa. Itziartarrak lehen denboraldia du kadete mailan; infantiletatik urratsa eman eta hasi da maila berriari neurria hartzen. Unai Egañak ezin izan zion pelotoiaren erritmoari eutsi eta 80. sailkatu zen, 30 segundora; Xuban Arakistain, bere aldetik, 98.a izan zen hiru minutura. 

Asteburu honetan kadeteek Arroa Behean dute lasterketa, larunbat arratsaldean. Hiru zakila bira osatuko dituzte eta Exclusivas Marduren egoitza atarira ailegatu aurretik, bukaeran, Presaldetik Arroa Gora doan maldatxoa izango du lasterketak punturik erabakigarriena.  

Gogotsu daude taldeko lau kadeteak etxeko lasterketan beraien onena emateko, eta babesleari bere laguntza eskertzeko. Juniorrek larunbat goizean Deban dute hitzordua; Itziar eta, bukaeran, Kalbario izango dira epaia emateko igoera erabakigarriak. Igandean, berriz, Lizarran parte hartuko dute juniorrek; maiatzean Lizarrako Klasikoa garrantzitsua jokatuko dute bertan, eta hura prestatzeko, ibilbidean bertan arituko dira Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko ziklistak. 

Harrobia 

Infantil eta alebinak Mendaron izan ziren larunbatean. Bertan, Amaia Agirrek garaipena lortu zuen eta Amalia ahizpa hirugarrena izan zen podiumean. Bikain lehiatu ziren mutilekin batera, Amaia lehen pelotoian helmugaratuz. Alebinetan, Mikel Otaño podiumera igo zen, baina kasu honetan hirugarren sailkatu gisa. Asteburu honetan BTTa ere aukeratu dutenek Oiartzunen izango dute Gipuzkoako Txapelketa. 

23 urtez azpikoak eta neskak 

Mattin Salegik Laukizko lasterketa gogorren 64. sailkatzea lortu zuen; bigarren pelotoi nagusian ailegatu zen, 39.aren denbora berean, eta Aitor Agirrek Albaceten, Onturren Espainiako Kopako lasterketan parte hartu zuen: 94. bukatu zuen; ez zuen gorputzaldirik onena izan Agirrek. Asteburu honetan, larunbatean, Markinan korrituko du Aitor Agirrek; Mattin Salegi Markinan eta, igandean, Gorlako igoeran izango da. 

Neskek Beasainen Espainiako kopako lasterketa izan zuten. Maite Urteagak lasterketa ikusgarri bat osatu eta zortzigarren bukatu zuen, irabazlearengandik hemeretzi segundora. Kadete mailan, Laia Zumeta 28.a izan zen. Asteburu honetan Espainiako kopako bi lasterketa jokatuko dituzte Galizian. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide