Euria, elur bustia, 2 eta 5 gradu arteko tenperatura, eta horri guztiari ibilbide zinez gogorra erantsi behar. Lehen 30 kilometroak zelaian, ondoren lehen mailako bi mendate, bata bestearen atzetik aurrera egiteko, eta hortxe, Opakuan, lehen mendatean, hautsi zen lasterketa. Bederatzi txirrindularik aurrera egin zuten eta horien artean izan zen Aratz Unanue. Beñat Sainz bizkarzain lana egiten gelditu zen atzeko pelotoian.
Ihesaldikoek tartea ireki zuten, eta lasterketa aurrekoen artean erabakiko zela zirudienean, Alimco taldeko hiru txirrindularik atzetik etorri eta erakustaldia emanez, Santa Teodosian, aurrekoekin bat egin zuten. Aguraingo helmugan Alimcoko lau txirrindulari izan ziren lehenak; Aratz Unanue bederatzigarren sailkatu zen lasterketa handi bati errematea emanez. Atzeko multzoan onena izan zen Beñat Sainz , 13. Sailkatuz, eta erakutsiz Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldea Gipuzkoan bakarrik ez, Euskal Herrian ere onenekin lehiatzeko moduan dela. Lukas Blancok ere karrera on bati bukaera txukuna eman zion. 100 txirrindulari gelditu ziren lanak bukatu ezinda; 65ek bukatu zuten lasterketa.