Lazkaomendiko lasterketa gogorrean, Itzulian profesionalek igo zuten Zaldibitik Lazkaomendiko malda pikoa izan zuen, eta bertan, Danenako bi txirrindularien ondoren, Aratz Unanue izan zen hirugarrena. Hark egin zuen igoerarik azkarrena ere.
Beñat Sainz ere dirdiratsu, seigarren sailkatu baitzen; esan daiteke taldeak oro har maila ona erakutsi zuela: Jon Berasategi 35. sailkatu zen, Lukas Blanco 56., Oñatz Etxabe 74. eta Iker Eizagirre 78. Taldekako sailkapenean, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak bigarrena izan zen, garaipenetik 40 segundora.
Eta, biharamunean, Astigarragan, lasterketa oso teknikoan Beñat Sainz izan zen podiuma zapaldu zuena. Eguneko ihesaldian, parte hartzaileen arteko sei onenak sartu ziren, eta horietatik bi Viveroseko txirrindulariak izan ziren: Beñat Sainz eta Aratz Unanue. Behin eta berriz saiatu ziren bakarrik alde egiten, baina ez zuten helburua lortu, eta azkenean, seien artean esprintean erabaki zen garailea. Beñat Sainz hirugarren sailkatu zen eta Aratz Unanue bosgarren. Lasterketa 29 txirrindularik bakarrik bukatu zuten. Beñat Sainzek mendiko saria ere bereganatu zuen.
Lazkaomendi eta Astigarragaz gain, maiatzaren 1ean Irurtzen eta Goldaratz arteko lasterketan izan ziren juniorrak, eta bertan Beñat Sainz laugarren sailkatu zen, Aratz Unanue zortzigarren, Jon Berasategi hemeretzigarren eta Lukas Blanco hogeigarren.
Hitzordu bereziak datoz
Lasterketa asko izan dituzte azkenaldian, eta aste honetan atseden hartuko dute datozen asteak oso garrantzitsuak baitira: Lizarrako Klasikoa, Euskadiko Txapelketa, Gipuzkoa Klasikoa, Gervaisen oroimenezkoa…hitzordu bereziak datoz, eta indarrak neurtzeko garaia da.
Kadeteek bi lasterketa izan dituzte, Amurrion Gaztetxoak torneoko lasterketan maiatzaren 1ean. Unai Egañak sailkapen nagusiko ohorezko postua defendatu zuen, bi lasterketa jokatu eta hirugarrena baita. Amurrion lasterketa esprintean amaitu zen Borja Osa hamazazpigarren izan zen, Unai Egaña 21. eta Xuban Arakistain 47. Hirurak heldu ziren pelotoi nagusian, eta hauengandik gertu, segundo gutxira, Amets Alberdiren multzoa ailegatu zen. Lasterketa ona egin zuen laukote kadeteak, zer esanik ez larunbatean Seguran. Lierni eta Zerain azken kilometroetan zirela, Lierniri zortzi txirrindularik aurrea hartu zien, eta zortzikotean sartu zen lehen urteko Borja Osa. Taldetxoa ere helmugarako hautsi zen, eta ia banaka zeharkatu zuten helmugako marra. Borja Osa zazpigarren sailkatu zen, Unai Egaña 21., Xuban Araksitain 34. eta Amets Alberdi 56. Asteburu ona osatu dute kadeteek, eta hauek igande honetan Muskizen izango dute lehiaketa.
Haur kategoriek eta kimuek Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten. Kimu mutiletan bere txanda irabazi arren, denboraren arabera, Mikel Otaño Gipuzkoako azpi txapeldun gelditu zen, beste txandako irabazlea bizkorrago ibili baitzen. Galder Zumeta, azken itzulia aurretik atzeratu zen, bere aurrean izandako eroriko batek eten egin baitzuen pelotoiarekin zuen lotura. Nesketan Mairi lejarreta podium atarian gelditu zen.
Haur kategorietan, sailkatzeko txandak jokatu ziren, eta txanda bakoitzetik hogei lehenak sartu ziren finalean. Zumaiako txirrindulari elkartetik titulua jokatu ahal izan zuten Oinatz Alberdik eta Julen Alkortak; finaletik kanpo gelditu ziren Mikel Egaña eta Aimar Martinez. Azken lasterketan ondo defendatu ziren Alberdi eta Alkorta, eta azkenean, eroriko handi bat saihestu eta Oinatz Alberdi hamalaugarrena izan zen, eta Julen Alkorta 21. Nesketan, finala jokatu zen zuzenean: seikote bat nabamrnedu zen, heuren artean Amalia Agirre; bosgarren sailkatu zen zumaiarra. Ondorengo multzotxoan ailegatu ziren Inge Zumeta eta Amaia Agirre.
Asteburu honetan taldekako erlojuaren aurkakoak jokatuko dira Astigarragan, eta bertan parte hartuko dute Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kimuek eta haur kategorietakoek.