Unai Egaña, bigarren Muskizen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar

Unai Agirre, ezkerrean, Muskizen egindako lasterketako podiumean.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txirrindulariek podiumetik jaitsi gabe jarraitzen dute. Gipuzkoan lasterketarik ez eta kadeteak Muskiza joan ziren bertako lasterketan parte hartzera; erabakia ona izan zen eta baita ondo aprobetxatu txirrindulariek ere, ibilbide gorabeheratsuan lehenengoekin helmugaratu eta lasterketa jokatzeko esprintean Unai Egaña bigarren sailkatu zen eta.  

Denboraldi honetan bigarrenez sailkatu da bigarren tokian;  oso ondo dabil zumaiarra, erregulartasuna falta zaio. Muskizen sei txirrindulari pelotoiari aurrea hartuta ailegatu ziren eta pelotoian sartu ziren Borja Osa eta Xuban Arakistain. 

Asteburu honetan kadeteek ez dute lasterketarik; juniorrek, berriz, Lizarran Espainiako Kopako lasterketa izango dute. Estatu espainiarreko 33 talderik onenak lehiatuko dira eta horien artean izango da Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak. Oso lasterketa gogorra izango da ibilbideagatik eta parte hartzaileen mailagatik ere, eta hortxe lehatu nahi dute Zumaiako juniorrek euren onena eman eta ikusteko zein mailatan dauden.  

Datorren asteburuan, bai kadete eta bai juniorrek, Euskadiko Txapelketa izango dute Getxon, eta juniorrek, horren ondoren, Nazioarteko Gipuzkoa Klasikoa izango dute helburu, Europako punta puntako txirrindulariak tropelkide izango dituztelarik.  

Lasterketa horien aurretik Gipuzkoako rankingak kaleratu dira eta junior mailan Beñat Sainz eta Aratz Unanue dira aurrena eta bigarren; kadete mailan, Borja Osa bosgarrena da eta Unai Egaña 27.a. 

Erlojuaren aurka 

Infantil eta alebinek taldekako erlojuaren aurkakoak jokatu dituzte. Beste taldeetako txirrindulariekin ekipo mistoa jokatu eta Mairi Lejarreta txapeldun izan da; alebin mutilak hiru ehunenekok utzi dituzte titulurik gabe. Mikel eta Denis Otaño eta Galder Zumetak osatu zuten taldea. Irabazleek bost txirrindulari izan zituzten erreleboak emateko eta hortxe joan zen garaipena.  

Infantiletan, nesken taldea bigarren sailkatu zen. Gipuzkoako txapelketa irabazitako Limousinek 20 segundo atera zizkion Inge Zumeta, Amaia Agirre eta Amalia Agirrek osatutako taldeari. Mutiletan elkar ondo hartu arren, ez zuten lortu hamar lehenengoetan sailkatzea, baina oso lan txukuna egin zuten Aimar Martinez, Mikel Egaña, Julen Alkorta eta Oinatz Alberdik.  

Asteburu honetan ez dute lasterketarik eta hurrengoan, 24an, Errenterian izango dute lasterketa benjamin, alebin eta infantilek. 25ean infantilek  Amurrion BTTko Euskadiko Jokoak izango dituzte. Bertan parte hartuko dute Amalia Agirrek, Amaia Agirrek, Julen Alkortak eta Oinatz Alberdik.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide