186 txirrindularirekin abiatu zen Lizarrako lasterketa eta hasieran, jolasean eta nahi gabe, 15. kilometroan sortu zen eguneko ihesaldia. Bertan sartu zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko Beñat Sainz. Hasieran bost kide, gero bederatzi, euren artean ondo konponduz lasterketa osoa buruan egin zuten. Pelotoiak bi minutu baino gehiagoko aldea hartzen ez zien utzi, baina ihesaldikoek beti lortu zuten minututik gorako aldea. Azkenean, nekeak jota ihesaldiko zenbait txirrindulari atzean gelditu zen, baina Beñat Sainzek eutsi zion. Azken mendatean, Eraulen, helmugarako zortzi kilometroren faltan, Eñaut Urkaregik atzetik aurrera egin eta buruan gelditzen zirenekin bat egitea lortu zuen eta bere nagusitasuna erakutsi zuen helmugan lasterketa irabaziz. Beñat Sainz hamargarrena izan zen lasterketa osoan egindako lan onari erremate dotorea emanez. Gertu helmugaratu zen lehen pelotoia, lasterketa erabat hautsita ailegatu baitzen, eta hor sartu zen, 124 kilometroak pelotoi buruan osatu zituen Aratz Unanue. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko bikotearen lana ez zen oharkabean pasa, antolakuntza berak eta beste taldeetako zuzendariek ere zoriondu zuten taldea.
Jon Berasategi lasterketa amaitzetik gertu izan zen, baina helmugarako 30 kilometroren faltan, ordura arte pelotoi nagusian joan arren, lasterketatik kanpo utzi zuten epaileek, Lezaungo mendatea igo ondoren. Oñatz Etxabe, Lukas Blanko eta Peru Calvo lehenengo erdian pelotoian lanean ibili ziren eta ezin izan zurten amaitu.
Asteburu honetan juniorrek bi hitzordu dituzte: larunbatean Amurrion Euskal Herria torneoko azken lasterketa, eta igandean Getxon Euskadiko txapelketa; juniorrek 11.30ean dute lasterketa, aurretik 9.00etan kadeteek izango dute Euskadiko txapelketa eszenatoki berean.
Zumaiako Txirrindulari Eskolako ziklistei dagokienez, Errenterian dute lasterketa larunbat arratsaldean, igandean berri eskolako bost kide Amurriora joango dira BTTko Euskadiko jokoetan parte hartzera: Julen Alkorta, Oinatz Alberdi, Inge Zumeta, Amalia Agirre eta Amaia Agirre.