Junior mailan, 90 kilometroko lasterketa gorabeheratsuan, Beñat Sainz eguneko ihesaldian sartu zen eta etekina ateratzeko modua izan zuen. Amaieran, helmugarako 15 kilometroren faltan Pikeko malda tentea igo zuten txirrindulariek (Tourreko Bilboko etapan igo zen berbera), eta Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariak erakutsi zuen hankak zituela; helmugan garaipenerako esprinta maldan gora jokatu zen eta hirugarren sailkatu zen arroarra.
Aratz Unanue pelotoi nagusian hamargarren posturako esprintean ailegatu zen, baina zorteak bizkarra eman zion: buru-buruan zetorrenean, aldamenetik enbarazu egin eta hanka lurrean jarri behar izan zuen, igoeran esprinta atzetik abiatu beharrean. Azkenean, Unanue 35. tokian sailkatu zen. Pelotoi horretan azken maldan atzeratu zena Jon Berasategi izan zen; 51. tokian bukatu zuen lasterketa. Oinatz Etxabek eta Lukas Blankok lasterketako zailtasun guztiak gainditu ondoren, 10 kilometroren faltan, lasterketatik kanporatuak izan ziren, bidegabeko erabaki batean.
Juniorren aurretik jokatu zen kadete mailako Euskadiko Txapelketa, non Unai Egaña protagonista izan zen; azkenean, Pikeko igoeran aurrekoek ihes egin zioten eta 41 segundora helmugaratu zen, ohorezko zortzigarren tokian. Berarengandik gertu, Borja Osa hogeigarren sailkatu zen. Xuban Arakisitainek eta Amets Alberdik ere lortu zuten lasterketa amaitzea. Kadeteek ere Pikeko malda tentea gainditu behar izan zuten helmugarako 10 kilometroren faltan.
Larunbatean, berriz, Amurrion lehiatu ziren jubenilak, Euskal Herria Torneoko lasterketan. 22 kilometroko zirkuito bati lau itzuli eman behar zizkioteneta bertan bazen bide hestu batean gainditu beharreko horma bat. Lasterketa erabat hautsita heldu zen bukaerara eta hor Aratz Unanue seigarren postuan helmugaratu zen, karrera on bati errematea emanez. Beñat Sainzek, atzerago, hamabosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Euskal Herria Torneoa Aratz Unanuek hamabigarren bukatu du eta Beñat Sainzek 20.
Infantiletan, BTTko Euskadiko txapelketa jokatu zen Amurrion eta nesketan Amaia Agirre bederatzigarren sailkatu zen, Amalia Agirre hamazazpigarren eta Inge Zumeta hemeretzigarren. Mutiletan, berriz, Oinatz Alberdi 58.a izan zen eta Julen Alkorta 62.
Errenterian errepideko lasterketa jokatu zuten eta beste behin, kimuen mailan, Mikel Otaño gailendu zen; Agirre ahizpek ere podiuma zapaldu zuten infantil mailan.
Asteburu honetan errepideko Euskadiko Txapelketan izango dira Amaia Agirre, Amalia Agirre eta Inge Zumeta, eta mutiletan Aimar Martinez eta Julen Alkorta.