Eskolartekoak, azken txanpan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar

Pasa den larunbatean Zumaian egin zuten lasterketako podiuma. (Utzitakoa)

Asteburu honetan bukatuko dute denboraldia eskolartekoek.

Zumaian, aurreko larunbatean, lasterketa ikusgarriak jokatu ziren. Benjaminetan, Aratz Aranburu garaipenaren borrokan ibili zen, Amets Agirrek denboraldiko lasterketarik onena egin eta lehen multzoan amaitu zuen, eta zuen dena emanda, Julen Erkiagak karrera egin zuen.

Alebinetan, beste behin, Mikel Otaño izan zen onena, erakustaldia emanez, eta bakar bakarrik helmugaratuz; Galder Zumetak lehen itzulietako erritmoa ordaindu zuen amaieran, baina bikain bukatu zuen lehen multzoan; eta Denis Otaño, harengandik gertu, indartsu egon zen.

Infantiletan lasterketa gogorra egin zen, bizi bizi korritu baitzuten. Zumaiako Eskolako lau txirrindulariek lehen pelotoian egin zuten ia guztia. Azken hiru itzulietan seikote bat gelditu zen aurrean. Bertan zen Julen Alkorta, oso lasterketa ona osatuz. Haren gertu Mikel Egaña eta Aimar Martínez eta atzerago, baina lan ona eginda, Oinatz Alberdi. Nesketan, Mairi Lejarreta bigarren sailkatu zen eta infantiletan, Amalia Agirrek lortu zuen garaipena, bere ahízpak bizkiari esprintean irabaziz. Inge Zumeta laugarren izan zen. Igandean Donostian dute denboraldiko azken lasterketa.

Kadeteek Etxebarrin korritu zuten igande goizean. Unai Engaña hamabosgarren sailkatu zen eta Gaztetxoak torneoa ohorezko postuetan bukatu du. Borja Osak, eroriko baten ondoren, ezin izan zuen pelotoi nagusian amaitu. Igande arratsaldean Oñatin Gipuzkoako txapelketa dute.

Jubenilek Arantzazuko igoera jokatu zuten larunbatean. Edo, hobeto esanda, Arantzazun bukatzen den lasterketa. Aratz Unanue nabarmendu zen, bigarren sailkatuz eta mendiko saria irabaziz. Jon Berasategi 25. izan zen, Peru Calvo 45. eta Lukas Blanco eta Oñatz Etxabe ere ondo ailegatu ziren helmugara. Igandean, berriz, Anoetan, belauneko lesio batek ez zion utzi Aratz Unanueri parte hartzen.Denboraldian inoiz ez bezala, asteburuko bi lasterketak talde osoak amaitu zituen.

Beñat Sainz euskal selekzioarekin Irunen izan zen afizionatuen lasterketan oso lan txukuna eginez. Selekzioko hiruk bakarrik amaitu zuten, bat Beñat izanik. Asteartean, berriz, Gipuzkoako erlojuaren aurkako txapelketan laugarren sailkatu zen; Aratz Unanue, lesionauta, ez zen parte hartzeko moduan izan. Igandean Eibarren Gipuzkoako txapelketa dute juniorrek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide