Mikel Otañok Alebin mailako lasterketa guztiak irabazi ditu

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar

Mikel Otaño txirrindularia, podiumean. (Utzitakoa)

Amaitu dute harrobiko txirrindulariek denboraldia. 24-25 denboraldi honetan Mikel Otaño nabarmendu da, alebin mailako lasterketa guztiak irabazi baititu. Gipuzkoako Txapelketan bere txanda irabazi zuen, baina beste txanda azkarragoa izan zen, txapeldunorde geldituz.  

Denboraldiko azken lasterketa borobila izan zen benjamín, kimu eta infantilentzat. Benjamin mailan, Aratz Aranburuk podiumean amaitu zuen. Alebinetan Mikel Otañok irabazi eta Galder Zumeta eta Denis Otaño podiumetik gertu gelditu ziren. Infantiletan Amalia Agirrek irabazi zuen eta Inge Zumeta  hirugarren gelditu zen – Amaia Agirre erori egin zen–. Mutiletan, lasterketa bikaina osatu zuten. Julen Alkorta laugarren izan zen, Oinatz Alberdi bosgarren, eta ondoren sailkatu ziren Mikel Egaña eta Aimar Martínez. Laurek datorren denboraldian kadeteetarako urratsa emango dute. Donostian agortu dute denboraldia harrobikoek.  

Kadeteek Oñatin izan zuten lasterketa, Gipuzkoako txapelketa hain zuzen. Bukaera gogorra zuen lasterketak, Udana eta Santopillau malda tenteekin, eta Udanak egin zuen lehen hautaketa. Hamabost txirrindulari inguruko multzo bat heldu zen amaierara. Borja Osari Udanako jaitsieran ihes egin zien aukerek, matxura batek jokuz kanpo utzi bait zuen. Unai Egaña hamargarren sailkatu zen, irabazlearengandik bederatzi segundora. Xuban Arakistain 44. eta Borja Osa 45. sailkatu ziren. Amets Alberdi arazo fisikoekin lanak amaitu ezinda gelditu zen, gogotik saiatu arren. Datorren igandean Zaldibarren korrituko dute, hori izango da  hiru eguneko Txuma itzuliaren aurreko azken lasterketa. 

Beñat Sainz Gipuzkoako txapeldunorde 

Pedal kolpe onari etekina ateraz, Eibarren jolatutako Gipuzkoako txapelketan Beñat Sainz bigarren sailkatu zen eta Aratz Unanue bederatzigarren. Biak beti egon ziren aurreko taldetxoan. Kalbariok egin zuen lehen galbahe lana eta Azkaratek bigarrena. Laukote bat heldu zen Eibarko kaleetara eta bertan Lidl Trek-ekin fitxatu duen Urkaregik bakarrik hartu zion aurre Beñat Sainzi. Aratz Unanue bederatzigarren sailkatu zen, Jon Berasategi 30. ,Lukas Blanco 44., Oñatz Etxabe  55 . Peru Calvok erorikoa izan zuen.  

Taldea sasoiko ailegatu da ostiraletik igandera jokatuko den Gipuzkoako Itzulira. Idiazabal, Andoain eta Segurak ibilbide oso gogorrarekin eta estatu osoko txirrindularien partehartzeareki, Gipuzkoako Itzuliko irabazlea erabakiko dute. Iaz egun Lidl Trek-en korritzen duen Héctor Álvarez izan zen irabazlea.  

Erakusleiho polita izango da gure jubenilentzat. Itzuliaren ondoren, Beñat Sainz Granadara joango da Euskadiko Selekzioarekin Espainiako txapelketan parte hartzea. 23 urtez azpikoen mailan ere Aitor Agirrek parte hartuko du Euskal Selekzioarekin. Aurten galtzak bete lan izango ditu erlojuaren aurkakoan, kronoigoeran jokatuko baita Espainiako Txapelketa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide