Bero itogarria izan zuten baina Urteagak ederki erantzun zuen, erakutsiz gorantz asko doala. Egun Levanteko UPV taldearekin Portugalgo Itzulian parte hartzen ari da. Garazi Bergarak ez zuen txapelketa amaitzerik izan.
Espainiako txapelketetan, Aitor Agirre hamahirugarren sailkatu zen erlojuaren aurka, beretzat batere batere egokia ez zen ibilbidean. Iraupenekoan lana egiteko zegoen; baita egin ere eta baita emaitzak lortu ere Euskadik, Yago Agirrek irabazi baitzuen. Beñat Sainz juniorrak ere Euskal selekzioarekin parte hartu zuen; karrera ona egin zuen, ihes egiten saiatu zen, eta gero Urkaregi liderrarentzat lana egin behar izan zuen. Urkaregik bigarren amaitu zuen eta Beñatek 20. Esperientzia aberasgarria Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariarentzat.
Kadeteak Txuman
Hiru eguneko itzulia izan dute kadeteek Bizkaian. 198 txirrindulari, tartean portugaldarrak, belgikarrak, Herbeheretako txapelduna eta estatu espainiarreko txoko guztietako mutilak. Soudal-Quick Step taldeko harrobiko Acrog-Tormans taldeko txirrindulariak nabarmendu dira. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko kadeteek gogotik sufritu dute. Bero itogarri ikaragarria izan dute aurkari hiru egunetan, ibilbide gogor eta oso gorabeheratsua, eta erritmoa handia batez bestela hiru egunetan 40 kilometro ordukoa
Lehen etapa ez zen erraza izan eta denbora asko galdu zuten. Sailkapen nagusiko aukerak galduta, Unai Egaña etapa bila joan zen bigarren etapako azken kilometroetan. Bi mendate zeuden eta hortxe saiatu zen zumaiarra. Ihesaldia sortu zuen eta hamar txirrindulari heldu ziren helmugara eta bertan Unai Egaña zortzigarren sailkatu zen. Hirugarren etapan lehenengoetatik gertu izan zen Unai Egaña. Bukatzearekin nahikoa izan zuten Borja Osak eta Xuban Arakistainek.
Asteburu honetan kadeteek Urdiainen eta Tolosako Amariza auzoan dute lasterketa; juniorrek, bere aldetik, Elgoibarren. Datorren astean, uztailaren 12an, Zumaian izango dute lasterketa kadeteek eta jubenilek.