Larunbata, txirrindularitzaren etorkizuna aztertzeko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025eko uztailaren 9a

Iazko lasterketako irudia. (Arritxu Iribar)

Egun berean jokatuko dira kadete eta junior mailako lasterketak; goizean kadeteak izango ditugu eta arratsaldean juniorrak. Lehenengoz egin du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak horrelako apustua, egun berean bi lasterketa antolatzekoa. 

Antolakuntza aldetik ahalegin berezia eskatu du proposamen horrek, bai goizerako eta bai arratsalderako jendea bildu behar izan baita bidegurutze guztiak estalita izateko. Ezer baino lehen, beraz, eskerrik asko lagunduko duten boluntario guztiei. 

Goizeko 10.30ean hasiko da kadeteen lasterketa; parte hartze handia espero da Euskal Herritik kanpo, Aragoi eta Burgosetik ere parte hartzaileak izango baitira. Guztira, 170 txirrindulari inguru izango dira irteera puntuan. Hiru zakila bira osatuko dituzte txirrindulariek, hirugarrenean Iraetatik Arroa goiko malda gaindituz; hortik helmugara bost kilometro eta erdi daude. Desgasteko lasterketa izango da eta azken igoera horretan hautsi daiteke. Hala ere, ez dirudi esprinta saihestuko denik, baina taldetxo batean joka daiteke irabazlea. 56 kilometroko lasterketa da eta eguerdiko 12:00etarako jakingo dugu Eñaut Bilbao bizkaitarraren lekukoa nork hartuko duen. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeak bere lau txirrindulariekin ekingo dio aurre etxeko lasterketari: Unai Egaña, Borja Osa, Xuban Arakistain eta Amets Alberdi dira lau txirrindulariak, eta ohorezko postuetan sailkatzeko Unai Egaña eta Borja Osa ditugu. Biek ondo igotzen dute eta abiadura ere badute hanketan; okerrik ez bada, onenekin heldu beharko lukete. 

Kadeteen lasterketa bukatuta, bigarren lasterketari begira jarriko gara. Beheko plazan ez da txirrindularitza girorik faltako, batzuk joan eta besteak etorri. 15.15ean hasiko da juniorren lasterketa. Bizkaiko Itzulia jokoan denez, ez da parte hartze kopuru handia espero, baina bai maila onekoa, eta horien artean ibili behar dute Beñat Sainz eta Aratz Unanue Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko bi ziklistek. Faboritotzat jo behar dira, aukera handiak dituzte garaipenaren borrokan izateko Garateko azken igoerak eta Oikia barruko muinotxoa gainditzea beraientzat egokia baita. Garateko igoera edo Meagako jaitsiera bera izan daitezke epaia emango dutena juniorren lasterketan. Lehen mailako Lukas Blanco, Peru Calvo, Jon Berasategi eta Oñatz Etxabek ere euren onena eman nahiko dute, eta horretarako ari dira lanean etxeko lasterketan. 

Zumaiatik abiatu eta hiru zakila bira osatu ondoren, kostako errepidea hartu eta Zarautzera abiatuko dira Meaga igotzeko. Hura jaitsi eta Iraetatik barrena, Zumaiako helmuga puntutik igaroko dira Getariarantz Garateko mendatea igotzeko. Hura jaitsita, Muniosortik Oikiara zuzenduko dira, herri barrutik pasa eta Axular etorbideko helmugara ailegatzeko. 102 kilometroko karrera izango da, eta 18:00etarako argituta izango da sailkapena. Iaz Ibai Villatek irabazi zuen, diotenez datorren urtean profesionaletan izango den Kantabriako lizentzia duen txirrindulari bizkaitarrak, eta hirugarren, adibidez, aurten Boraren talde kontinentalean ari den Marco Martin bizkaitarra izan zen.

Lasterketa gogorra da eta irabazten duena seguru etorkizunean profesionalen pelotoian ikusiko dugun txirrindularia izango da. Junior mailako lasterketak, taldekako sari berezia du, Joxe Mari Kortaren filosofiari jarraituz taldelana sarituko bait da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide