90 kilometroko lasterketa gogorra Andosillakoa, beroak baldintzatu zuena. Hala ere, lasterketa erabakiko zuen ihesaldia 20. kilometroan antolatu zen, eta hortxe erne-erne zen Iraetako ziklista. Lau txirrindulari onek osatu zuten ihesaldia eta berehala tartea ireki zuten; lau iheskideek, gainera, taldekideak zituzten pelotoian egoera kontrolatzeko. Beraz, Aratz Unanuek hartutako erabakia ona zen.
Lau iheslarietatik maldan gora indartsuena Unanue zen; maldan behera, aldiz, bere gorpuzkerarekin bazuen desabantaila, eta horixe izan zen podiumetik kanpo utzi zuena; laugarren sailkatu zen. Bere gaitasunekin saiatu zen behin eta berriz etekina ateratzen, baina ez zituen iheskideak atzeratu eta helmugan, joera beherantz izanda, eta indarrak aurretik agortuta, laugarren sailkatu zen Aratz Unanue, lasterketa on bat egin ostean. 13 segundora helmugaratu zen Unanue eta minutu batera, 14. tokian, Beñat Sainz; taldeko hirugarrena Lukas Blanco izan zen 20. tokian, lau minutura. 76 txirrindulari izan ziren irteeran eta horietatik helmugara 35 bakarrik heldu ziren.
Asteburu honetan, larunbatean Villatuertan eta igandean Lizarran, izango dituzte lasterketak jubenilek eta haiek izango dira Aratz Unanue eta Beñat Sainzentzat azken lasterketak, Gipuzkoako selekzioarekin Ribera De Dueroko (Espainia) itzulian parte hartu aurretik.
Kadeteek Lizarran izan zuten lasterketa, Grozin eta Muru mendateekin 55 kilometroko ibilbidean. Lasterketa gogorra izan zen, baina lehen urtekoa izan arren, Borja Osak ondo erantzun zuen eta 13. sailkatu zen. Aitor Mata txirrindulari nafarra bakarrik ailegatu zen eta ondoren, minutu eta erdira, 24 txirrindulari; hortxe helmugaratu zen Borja Osa. Hiru minutu eta erdira heldu ziren, heuren artean esprintatuz, Amets Aberdi eta Xuban Arakistain, 40 eta 41. postuetan. Ia sei minutura zeharkatu zuen helmuga Unai Egañak, 65. tokian.
98 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta helmugra 76 ailegatu ziren. Asteburu honetan Mungian izango dute kadeteek lasterketa.