Aratz Unanue eta Beñat Sainz Gipuzkoako Selekzioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025eko abuztuaren 21a

Aratz Unanuek eta Beñat Sainz. (Utzitakoa)

Ribera de Duero nazioarteko junior mailako itzulian parte hartuko dute aste honetan Aratz Unanuek eta Beñat Sainzek, bi txirrindulariek Gipuzkoako Selekzioarekin leihatuko dute.

Ribera de Duero nazioarteko junior mailako itzulian parte hartuko dute aste honetan Aratz Unanuek eta Beñat Sainzek, bi txirrindulariek Gipuzkoako Selekzioarekin leihatuko dute; Gipuzkoako Selekzioa Abraham Olano munduko txapeldun ohiak zuzenduko du.

Aurretik, joan den asteburuan, lasterketa bikainak osatu zituzten Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko 2 txirrindulariek, batez ere Aratz Unanuek; Iraetakoa Villatuertan bigarren sailkatzeko borrokatik kanpo eroriko batek bakarrik utzi zuen. 100 metro faltan, beste txirrindulari batek gehiegi behartu zuen, bihurgune baten erori egin zen, eta Unanue bota zuen. Eroriko horren ondorioz 5. postuarekin konformatu behar izan zuen, baina kasta erakutsi zuen. Nahiz eta kolpea handia izan, hurrengo egunean Lizarran oso lasterketa gogorrean lehiatzeko moduan izan zen.

Villatuertan Lukas Blanco 21. sailkatu zen. Lehen mailako Girgillano izan zen zailtasunetako bat, eta okerrena beroa izan zen, 41 graduko tenperaturarekin jokatu baitzuten Villatuertako lasterketa. Beroaren ondorioz lasterketa laburtu egin zuten, eta txirrindularien hidratazioa bermatzeko ibilbide osoan eman ahal izan zen ura. Hala ere, 39 txirrindularik bakarrik bukatu zuten lasterketa, irteeran 65 izanda.

Igandean, Lizarran lehiatzeko baldintza hobeak ziren, nahiz eta ibilbidea oso gogorra zen. 102 kilometroko ibilbidean Iratxeko malda bi aldiz gainditu zuten txirrindulariek, eta 3. mailako Grozin eta 2. mailako Lezaun ere gainditu behar izan zituzten 72 parte hartzaileek. 43 txirrindularik bukatu zuten lasterketa, eta gorabehera askoren ondoren, 2. posturako esprintatu zuen taldean 20 txirrindulari heldu ziren. Horien artean Beñat Sainz eta Aratz Unanue: Beñat 9. sailkatu zen, eta Aratz 17. Lukas Blancok ere bukatu zuen lasterketa, 39. tokian.

Asteburu honetan Ribera de Duero itzulian izango dira Sainz eta Unanue eta beste taldekideak. Igandean Obanosen korrituko dute. Datorren astean, berriz, Oñatz Etxabe eta Lukas Blanco Plouay-ko sari nagusian izango dira Iparraldeko taldearekin, ekipo mixtoa osatuta. Euskadi Fundazioko kanpo harremanetako arduradun Francois Duharti eskertu behar zaio aukera hau.

Kadeteei dagokienez, bero handiarekin hauek ere, Mungian izan zuten lasterketa. Bertan zortea ez zuten alde izan Unai Egañak eta Xuban Arakistainek, erorikoak izan baitzituzten. Halere, lasterketa amaitzeko moduan izan ziren biak. Borja Osa izan zen taldeko onena, 23. tokian; Unai Egaña 46. sailkatu zen, eta Xuban Arakistain 64. Amets Alberdik, berriz, asteartean Los Arcosen korritu zuen, eta denboraldiko lasterketarik borobilena osatu zuen. Lehen pelotoian ailegatu zen, eta 17. sailkatu.

Aste honetan kadeteek Nafarroako Murieta herrian korrituko dute eta asteartean berriz Lakuntzan. Hortxe bukatuko dute lehen urteko kadeteek denboraldia eta atseden hartzeko unea helduko zaie, bigarren urtekoek hortik aurrera juniorrekin izango dituzte lasterketak: Ibarra, Lierni, Oñati eta Zarautz izango dira junior mailakoekin korrituko dituzten lasterketak denboraldiari amaiera Zarautzen emanaz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide