Murietan larunbatean 121 txirrindulari elkartu ziren ibilbideko 62 kilometroak osatzeko. Abiadura bizian ibili ziren, eta maldan gora bukatu zen karreran Borja Osa hamazazpigarren sailkatu zen, Unai Egaña 23. eta Amets Alberdi 65.
121tik 86 txirrindularik amaitu zituzten lanak, 39’9 kilometro orduko bataz besteko abiaduran. Asteartean berriz Lakuntzan izan zuten lasterketa; ibilbide gogorrean lehiatu ziren 121 txirrindulari. Helmugako marra 97k zeharkatu zuten. Unai Egaña hamabosgarren postuan sailkatu zen eta Borja Osa 45.; Amets Alberdi matxura batek jokoz kanpo utzi zuen. Xuban Arakistainek eta Borja Osak amaitu dute denboraldia; Unai Egaña eta Amets Alberdik, berriz, orain jubenilekin korrituko dituzte lau lasterketa atseden hartu baino lehen. Ibarran asteburu honetan jokatuko dute juniorrekin lehen karrera.
Inoiz bizi nahi ez dena
Beñat Sainz eta Aratz Unanue nazioarteko Ribera del Dueroko Itzulian izan ziren ilusioz beterik Gipuzkoako Selekzioarekin. Irribarrea negar bihurtu zen, inoiz bizi nahiko ez zuten egoera bizi izan zutelako; bigarren etapan zoritxarreko eroriko baten ondorioz lehiakide baten heriotzaren lekuko izan ziren. Etapa eta Itzulia bertan behera gelditu ziren, eta igandean parte hartzaile guztiek omenaldia egin zioten Iván Meléndez 17 urteko andaluziarrari. Zoritxarrez, inoiz ahaztuko ez duten bizipena Aratz Unanue eta Beñat Sainzentzat.
Viveros San Antón -Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeak Obanosen korritu zuen; Lukas Blanco hemeretzigarren sailkatu zen eta Jon Berasategi 26. 54 txirrindulari abiatu ziren eta 84 km 39.88 kilometro orduko bataz besteko abiaduran osatuta 32 bakarrik heldu ziren helmugara. Maite Urteaga mutil juniorrekin lehiatu zuen, eta hamalaugarren sailkatu zen, karrera ona osatu ostean. Asteburu honetan, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko Lukas Blanco eta Olatz Etxabe nazioarteko Plouay Sari Nagusian izango dira. Bretañako ibilbideetan korrituko dute, iparraldeko txirrindulariekin talde mistoa osatu eta Europako talde onenekin batera. Besteek Ibarran emango dituzte abuztuko azken pedalkadak.