Lukas Blanko eta Oñatz Etxabe, taldearentzat eta taldekideentzat egindako lanaren sari bezala, Nazioarteko Plouay-ko Sari Nagusian izan dira Iparraldeko Teamekin talde misto bat osatuta. Lasterketa oso gogorra da, 140 kilometrokoa, eta ibilbide gorabeheratsua duena. Baina, horrez gain, txirrindularien maila hain da ona, lasterketa hasieratik bukaeraraino oso gogorra egiten duela. Oñatz Etxabek 50 kilometro inguru osatu zituen, eta Lukas Blancok 80. Bizipenak izugarriak izan dira eta ikasi dutena aberasgarria, euren kirol garapenerako, baita garapen pertsonalerako ere. Zumaiako Txirrindulari Elkarteak Euskadi Fundazioari eskerrak ematea besterik ez du eskanitako laguntzagatik eta emandako aukeragatik.
Taldeak, berriz, Ibarrako lasterketan parte hartu zuen, eta jubenilekin batera aritu ziren datorren urtean juniorrak izango diren bi kadete, Amets Alberdi eta Unai Egaña. Amets Alberdik ezin izan zuen lasterketa bukatu, baina erdia baino gehiago osatu zuen pelotoian. Unai Egañak lasterketa bukatzea lortu zuen, aurpegia eman ere bai lasterketa buruan, baina jubenilen abiadurak eta ibilbidearen amaierako gogortasunak bere tokian jarri zuen txirrindulari zumaiarra.
92 kilometroko lasterketa izan zen. Bukaeran, Altzo gogorrenetik eta Ibarrako Etxezarreta malda tentetik igarota, amaitzeko Uzturpe ikastolako igoera izan zuten. Hala ere, orduko 45 kilometroko abiaduran osatu zuten lasterketa. Aratz Unanue zortzigarren sailkatu zen. Irabazlearengandik minutura ailegatu zen, hamazazpi laguneko taldean, bigarren posturako leihan. Bost minutu eta erdira iritsi ziren helmugara Unai Alberdi eta Peru Calvo, 83. eta 87. postuetan. Jon Berasategi matxura batek aukerarik gabe utzi zuen.
Maite Urteaga Eulen–Jirabirako txirrindulari zumaiarrak 54. tokian bukatu zuen, hiru minutu eta erdira. Lasterketa bukatu zuen neska bakarra izan zen. Laboral Kutxarekin debuta prestatzen ari da, datorren astean izango bait du aukera hori.