Aratz Unanue bigarren Oñatin; Beñat Sainz laugarren Liernin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025eko irailaren 12a

Aratz Unanue Oñatiko podiumean. (Utzitakoa)

Oñatin eta Liernin izan dituzte lasterketak eta bietan protagonista izan dira Unanue eta Sainz.

Bi lasterketak oso menditsuak izan dira. Oñatin, lehen 30 kilometro lauen ondoren, Usaba, Aztiri, Lierni, Aagoitin, Udana eta Arregiko gainak Igo behar izan zituzten bata bestearen atzetik. Udana ondoren, eta Saínz eta Unanueren lanari esker ihesaldia bertan behera utzi ondoren, beste ihesaldi bat antolatu zen, non Beñat Sainz sartu zen. Azken igoera aurretik harrapatu zituzten atzetik zetorren taldetxo batek. Hor zen Aratz Unanue, eta Arregiko aldapa tentean hiru txirrindulari gelditu ziren buruan; hauek jokatu zuten garaipenerako esprinta; Aratz Unanue bigarren sailkatu zen, Beñat Sainz hamargarren eta, kadeteak izan arren, Unai Egaña 38. Lasterketa 46 txirrindularik bakarrik bukatu zuten, parte hartzaileen erdiak.

Biharamunean, Lierniko lasterketa korritu zuten. Karrera hau laburra da, 55 kilometro ditu, baina menditsuak: Lierni, Minas, Lierni, Zerain, Lierni igotzen dira lehen sektorean, eta horko 40 lehenek, ondoren, Seguratik Liernirako igoera jokatzen dute, erlojuaren aurka.
Bi lasterketetan erakustaldia eman zuen Eñaut Urkaregik. Lehen sektorean Beñat Sainz laugarren sailkatu zen, eta bosgarren zihoala Aratz Uanuek erorikoa izan zuen. Hala ere, lasterketa bukatu zuen, baina aukerarik gabe.

Nabarmentzekoa Unai Egañak egindako proba: lehen sektorean 28.bukatu zuen eta erraz sailkatu zen kronorako. Erlojupekoan, Beñat Sainz hirugarren sailkatu zen eta Unai Egaña 36. Bi lasterketetako denborak batuta, Beñat Sainz laugarrena izan zen eta Unai Egaña 30. Kadetea da Egaña eta detaile politak erakutsi ditu etorkizunerako.

Igandean Zarautzen izango dute lasterketa, Zarautz, Zumaia, Meaga, Zarautz zirkuitoari lau itzuli eman beharko dizkiote.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide