Beste podium bat, azkenaurreko lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025eko irailaren 19a

BeƱat Sainz, eskuinean.

Beñat Sainz hirugarren sailkatu zen pasa den astean jokatutako Zarauzko junior mailako lasterketan.

Esprintean amaitu zen lasterketa. Zarautz, Zumaia, Meaga, Zarautz zirkuitoari lau itzuli eman ondoren, taldetxo bat ailegatu zen garaipena esprintean jokatzera, eta hor Beñat Sainz hirugrrena izan zen. Aratz Unanue ere lehen multzoan helmugaratu zen, 11. sailkatuz. Taldeko hirugarrena Jon Berasategi izan zen, 41. tokian, 29 segundora. Ondoren, aldeak handiak izan ziren. Ia hiru minutura ailegatu zen kadete mailako Unai Egaña, 63. tokian, eta bost minutu pasatxora Lukas Blanko, 85. tokian.

Lasterketa bizi-bizia izan zen, ihesaldi saiakera ugarirekin, baina tropeleko, edo maila horretako indartsuenek, beti egoera kontrolpean izan zuten, ihesaldiari baimen handirik eman gabe, nahiz eta azken igoeran dema estua izan iheslari eta pelotoiaren artean. 83 kilometroko ibilbidea, oduko 43,2 kilometroko batez besteko abiaduran osatu zuten.

Asteburu honetan, juniorrek denboraldi honetako azken lasterketa izango dute, Beasainen. 109 kilometroko karrera izango da, ibilbide gogorrarekin eta parte hartze bikainarekin, non Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek espainiar estatuko puntako txrrindulariekin leihatuko diren. Honela, amaitutzat emango dute denboraldia, eta mailari agur esango diote Beñat Sainzek eta Aratz Unanuek, datorren denborladian 23 urtez azpikoen mailan korrituko baitute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide