Harrobia lantzen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025eko azaroaren 21a

Amets Agirre, pasa den asteburuan Ormaiztegin.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko harrobia Ormaiztegin izan da, mendi bizikletako teknifikazioan. 

Benjamin, kimu eta infantil mailako lasterketak hasi aurretik, teknifikazio saio ugari ari dira osatzen, Tolosan egin zuten lehenengoa eta Ormaiztegin bigarrena. Zirkuitu oso polita antolatu zuten, Gorka Izagirre txirrindulari ohia buru zela. Mimoz prestatutako lanak fruituak eman zituen, oso-oso gustora ibili baitziren, asko ikasiz gainera etorkizuneko txirrindulariak.

Kadetetan, Daniel Blancok Lemazako ziklo kros lasterketan parte hartu zuen, eta Telmo Gaztañazpik pistako Gipuzkoako Challengeko bigarren jardunaldian. Daniel Blancok 32. amaitu zuen Lezamako lasterketa; zirkuito lokaztuan eman duen hobekuntza erakutsi zuen.

Pistan, Telmo Gaztañazpik 19. amaitu zuen, scratchean 16., eta puntuaketan 18. sailkatu ondoren. Beldurra oraindik ere ez du gainditu, baina pelotoiaren erritmoa eusten du, eta itzulirik galdu gabe amaitzen ditu lasterketak. Sailkapen nagusian, 46 txirrindularitatik 35. tokian da oriotarra. Jardunaldi horretan, Euskal Herritik aparte, Frantzia eta Espainiako hainbat txokoetatik gerturatu ziren Donostiara lehiatzera, oso maila ona erakutsiz, batez ere, junior mailan MMR talde asturiarreko txirrindulariak. Larunbat honetan hirugarren jardunaldia jokatuko dute; Espainiako rankinerako puntuak banatuko dituen azken jardunaldia izango da.

Juniorretan, Unai Egaña tantaka ari da euskal ziklo kros egutegiko lasterketetan parte hartzen, eta orain arteko emaitzarik onena lortu zuen Lezaman, 17. Sailkatu baitzen, nahiz eta oraindik lehenengoetatik urrun ibili. Errepideko denboraldiari begira prestaketa polita egiten ari da zumaiarra; junior maila estreinatzen ari da Egaña. Asteburu honetan Ametzagan izango dute ziklo kros lasterketa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide