Negu gorriari aurre

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025eko azaroaren 28a

Argazkia: Martin Early.

Neguko kirola da ziklo krosa. Beraz, gara kexatu lokatza dagoelako, euria egiten duelako edo elurra; baldintza gordinetan txirrindularitzako hainbat teknika lantzeko modalitaterik onena da ziklo krosa, eta horrelaxe ari da errepideari begira lanean Unai Egaña juniorra.

Egaña hamaseigarren sailkatu zen Ametzagako betiko zirkuituan. Orain arteko posturik onena lortu zuen, beraz. Asteburu honetan, Berrizen dute hitzordua, eta junior mailan Unai Egañarekin batera Lukas Blanco ere parte hartzaileen artean izango da. Zarauztarrak lasterketa honekin estreinatuko du denboraldia. Bere anaia Danielek kadete mailako lasterketan parte hartuko du, bizikleta matxuratuta ezin izan baitzuen Ametzagara joan.

Pistan, Gipuzkoa Challengeko hirugarren jardunaldian Telmo Gaztañazpi oriotarrak orain arteko lasterketarik onenak osatu zituen. Azken postuetatik urrundu, eta pelotoian ondo kokatuta egin zion aurre bere bizitzako lehen kanporaketa lasterketari. Hiru kanporaketa gainditu zituen, eta laugarrenean kaleratu zuten, akats baten ondorioz. Zazpigarren sailkatu zen, esprint bat irabazita eta balio bikoitzeko azken esprina ere lehiatuta. Azkenean, bi probak batuta, jardunaldiko sailkapena 11. amaitu zuen, eta hiru jardunalditako puntuak batuta, Gipuzkoako Challengean 28. tokian da. Pistako hurrengo jardunaldia abenduaren 6an, larunbat goizez jokatuko da.

Haur kategorietakoek, kimuek eta benjaminek igande honetan Legorretan izango dute BTTko teknifikazioa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide