Ziklo-kros denboraldi erdian

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025eko abenduaren 5a

Bi hilabete baino gutxiago gelditzen dira ziklo-kros denboraldia gurean agurtzeko. Neguko eguraldi gordinean jokatu ziren azken lasterketak.

Berrizen lokatzetan orkatiletaraino sartuta korritu zuen junior mailan Lukas Blancok, eta hamazazpigarren sailkatu zen denboraldiko bere lehen lasterketan. Estreinaldia izanik, atzeko lerroan irten behar izan zuen, eta atzetik aurrera lasterketa osatu, beraz, ontzat eman behar amaierako postua. Unai Egaña hemezortzigarren sailkatu zen, gorabeheraz betetako lasterketa baten ondoren: katearekin arazoak izan zituen, zulatua… Duin gainditu zuen egoera; hori bai, irabazleak sei minutu atera zizkion Blancori, zazpi Egañari. Kadete mailan Daniel Blanco 22. izan zen, irabazlearengandik hiru minutu eta erdira. Asteburu honetan, Amorebietan izango dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak.  

Pistan ez da jardunaldirik jokatu. Gipuzkoako Challengeko laugarren saioa larunbatean goizean jokatuko da, eta bertan izango da Telmo Gaztañazpi. Sailkapen nagusian 28. da, eta ahal bada, postu hori ontzen saiatuko da oriotarra. 

Harrobiari dagokionez, Legorretan izan zuten BTTko teknifikazioa igandean, Zumaiako Txirrindulari Eskolako zazpi lagun gerturatu ziren. Lokatzez beteta, zikin-zikin eginda amaitu zuten, baina gogotik gozatuta. Asko ikastearekin batera, oso ondo pasata amaitu zuten saioa. Hilabete honen bukaeran Seguran izango dute ziklo-kroseko teknifikazioa, eta urtarrilean lehenengo lasterketak jokatuko dituzte. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide