Ziklo krosean, Amorebietan, denboraldiko emaitzarik onenak lortu dituzte Zumaiako elkarteko ziklistek; nabarmentzekoa, kadete mailan Daniel Blanco bederatzigarren sailkatu zela, lehenengoz hamar aurrenekoen artean sartuz. Garrantzitsuena da irabazleak minutu eta erdi atera ziola, inoiz atera dioten alderik txikiena. Daniel lehen urteko kadetea da, eta maila berrira egokitzeko urrats handiak ematen ari da.
Junior mailan Lukas Blancok ere denboraldiko posturik onena lortu zuen; hamabigarren sailkatu zen atzetik aurrera lasterketa ona eginez, eta irabazlearengandik bost minutura helmugaratu zen. Unai Egañak ez zuen bere egunik onena izan, eta hogeigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, sei minutu eta erdira. Daniel eta Lukas Blanco asteburu honetan Ataunen izango dira, ziklo kroseko Gipuzkoako Txapelketan.
Pistan, ondoezik, ezinean jardun zuen Telmo Gaztañazpik, Ondo errekuperatuta, Gipuzkoako bosgarren jardunaldiari aurre egingo dio larunbat arratsaldean. Scratch eta puntuaketa lasterketak izango ditu.
Martxoaren 1ean hasiko dute errepideko denboraldia. Beraz prestaketa garai garrantzitsua da hau. Horregatik, talde entrenamenduak ere hasi dituzte. Eguberrietan ere ez dago atsedenik.