2026ari neurria hartzen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko urtarrilaren 16a

Argazkia: Utzitakoa.

Aurki hasiko dira errepideko lasterketak. Amaitu berri da ziklo kros denboraldia, amaitzear da pistakoa, eta ate joka dugu errepidekoa. 

Bertan estreinatzeko prestatzen ari dira Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kadete eta juniorrak. Entrenamenduekin segitzen dute, hilabete eta erdi barru duten onena ematen hasteko. Kadete eta juniorrei aurrea hartu, eta gaztetxoenak dira asteburu honetan estreinatuko direnak: Asteasun benjamin, kimu eta haur kategorietakoek BTTko lasterketa dute, askorentzat beraien bizitzako lehen txirrindulari lasterketa. Urduritasunak menderatzea da ikasi beharreko lehen gaia, eta ondoren, lehiaketak eskatzen duen kontzentrazioari eustea. Larunbatean arratsaldeko 15:00etan hasiko dira lasterketak. Zumaiako Txirrindulari Elkartea hamabost ilusio hezur mamitan gorpuztu eta bertaratuko da. Kadete mailan, pistako Gipuzkoa Challengeko azken jardunaldiari aurre egingo dio igande goizean Telmo Gaztañazpi oriotarrak.  

Viveros San Anton-Exclusivas Marduk, bien bitartean, talde entrenamenduekin segituko du, martxoko lehen lasterketetako ibilbideak aztertzen. 

Maite Urteaga 

Laboral Kutxarekin egonaldia egin eta Eulen Amenabarreko txirrindulariak datorren astean Mallorcarako bidea hartuko du, taldea lehenengoz Mallorkako Challengean izango baita. Denboraldi garrantzitsua du zumaiarrak, Laboral Kutxa talde profesionalaren orbitan baitabil. Azken urratsa ematea falta zaio. Euskal Herrian lehen lasterketa otsailaren 22an izango du, Errenterian. 

Mattin Salegi eta Aitor Agirre

Jon Odriozolaren Smartlog taldearekin kontzentratuko dira datozen egunetan bi zumaiarrak, eta baita Viveros San Anton-Eclusivas Marduko kide izan den Aratz Unanue iraetarra ere. Otsaileko bigarren asteburuan Essor Basqueko lasterketetan estreinatuko dute 2026 errepideko denboraldia. Proiektu berri honetan hasi, eta proiektuarekin batera hazten joateko ametsa dute hiru txirrindulariek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide