Neguan nagirik ez

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko urtarrilaren 21a

BTT lasterketarekin hasi dute Asteasun 2026ko denboraldia Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoek.

Asteasuko antolatzaileen deiari oso erantzun ona eman zioten Gipuzkoako txirrindulari eskolek, eta 218 haurrek izena eman zuten, benjamin, kimu eta infantil mailetan banatuta. Maila bakoitzean bi txanda egin behar izan zituzten eta maila bakoitzeko irabazlea erabakitzeko, egindako denborak hartu ziren kontutan.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoek oso-oso lasterketa onak egin zituzten, pedal kolpe oso ona erakutsiz. Benjamin mailan, Aratz Aranburu nabarmendu zen, bere txandan bigarren sailkatuz. Eroriko batek txandako garaipenaren borrokatik kanpo utzi zuen alebinetan Galder Zumeta. Aurrena zihoala erori eta gero, atzetik aurrera bigarren amaitzea lortu zuen. Infantiletan, Agirre ahizpak protagonista izan ziren, biak ere podiumeko borrokan; erori eta hirugarren tokiarekin konformatu behar izan zuen Amalia Agirrek; ahizpa Amaia bigarren sailkatu zen. Oso lokaztuta zegoen ibilbidea. Hala ere, Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide guztiek lasterketak amaitzea lortu zuten. Meritu handiko lorpena!

Larunbat honetan Iraetan izango dute hitzordua, kasu honetan, errepideko bizikletarekin. Horrela estreinatuko dute errepideko lasterketen denboraldia benjamin, kimu eta infantilek.

Kadete eta jubenilek lanean segitzen dute gerturatzen ari den errepideko denboraldia ondo prestatzeko. Martxoaren 1ean Zarautzen hasiko dira kadeteak, eta Eibarren, berriz, juniorrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide