Kadeteek eta juniorrek entrenatu bitartean etorkizunekoak lehiatzen hasi dira

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko urtarrilaren 29a

ZTEko benjaminak, Iraetan. (Utzitakoa)

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko benjamin, kimu eta infantilek Asteasun mendi bizikletako lasterketak hasi zituzten, eta aurreko asteburuan errepideko lasterketei ekin zieten. Iraetan bertako festak zirela eta lasterketak jokatu ziren. Karrera hauek jendetsuak eta ikusgarriak izan ziren.

Benjamin mutiletan Zumaiako Txirrindulari Elkarteko Aratz Aranburuk Iraetako lasterketa irabazi zuen aurkariak nahiko erraz menderatuta. 24 txirrindulari benjamin elkartu ziren lasterketa jokatzeko. Maila oso polita eman zuten Zumaiako taldeko benjamin guztiek.

Kimuetan ere Zumaiako taldeko Galder Zumetak ederki erakutsi zuen mailota: lasterketa hasieratik bakarrik aurrera egin eta erakustaldia eman zuen, lasterketa osoari buruan eutsita. Pedalkaden erritmoan moteltze bat ere izan zuen, nahikoa errenta hartu baitzuen garaipena ziurtatzeko; 48 parte hartzaile eta erdiak baino gehiagori itzulia kendu zien Aizarnazabalgo txirrindulariak.

Infantiletan lehen hamarren artean sailkatu zen Mikel Otaño, eta polita izan zen nesken arteko lehia. Lizar Zubeltzu, Amaia Agirre eta Amalia Agirre berehala nabarmendu ziren; lasterketaren zenbait unetan mutilek baino denbora gutxiagoan eman zioten itzulia zirkuituari. Amalia Agirrek amore eman behar izan zuen eta Otxeko Zubeltzu eta Zumaiako taldekoko Amaia Agirre gelditu ziren buruan. Erreleboak zuzen eman eta biak heldu ziren helmugara, garaipena esprintean jokatzeko. Lizar Zubeltzuk irabazi zuen eta Amaia Agirre zumaiarra bigarren sailkatu zen; ahizpa Amalia, berriz, podiumean hirugarren kajoira igo zelarik.

Sari banaketa Iraetako frontoian egin zuten, eta parte hartzaile guztiek jaso zuten oroigarria. Errepikatzeko moduko bizipena izan zuten txirrindulariek Iraetan auzoko festetako lehen lasterketa honetan. Asteburu honetan mendiko bizikletarekin Irunen lehiatuko dira txirrindulariak, Puianako zirkuito berria estreinatuz.

Kadeteetan, aldiz, Telmo Gaztañazpik Pistako Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide