Ostiralean Donapaleuko ibilbide bihurrian, bai Mattin Salegi, baita Aitor Agirre ere hasieratik saiatu ziren ihesaldi bila, eta azkenean eguneko ihesaldia gorpuztu zenean, Aitor Agirrek presentzia izan zuen. Amaieran ere onenekin izan zen, eta bederatzigarren sailkatuz errematatu zuen lehen lasterketa eguna. Mattin Salegi bigarren multzoan helmugaratu zen, denboraldiko lehen lasterketan egindako lanari nota ona jartzeko moduan.
Larunbatean, Gamiako lepoa lau aldiz gainditu behar izan zuen denboraldia estreinatu zuen Aratz Unanuek. Essor Basqueko ibilbiderik gogorrena izan duen lasterketan estreinatu da, 23 urtez azpikoen mailan. Lasterketa bikaina osatu zuen, beti pelotoi buruan eta amaieran 54. tokian heldu zen. Hain zen gogorra ibilbidea, non 190 txirrindulari abiatu eta oso gutxik lortu zutela amaitzea. Maila berriko lasterketa izanik, eta ibilbidearen gogrtasuna ikusita, Gamiako igoera tentea lautan gaindituta, oso nekatuta baina gustora heldu zen Iraetako gaztea, helburuak beteta.
Igandean, negu neguko eguraldiak baldintzatu zuen Mauleko etapa. Aitor Agirrek eta Mattin Salegik parte hartu zuten, baina ez batak ez besteak ez zuten helmugako marra zeharkatu. Zailtasunak izan zituen hasieratik baldintzetara egokitzeko Salegik; Agirre lasterketaren erdira arte lehen taldean defendatu zen, baina hotzak eta bustiak gain hartu zioten eta lasterketa utzi beharrean izan zen.
Lasterketen denboraldia beraz hasi da hauentzat. Oraindik ere ezin zehaztu, baina hurrengoa etxeko lasterketa izan dezakete, hilaren 28an Zumaiako Saria, hain zuen. Bertan beti laguntzen izan den Arantxa Egaña Iztueta gogoan izango du antolakuntzak, txirrindularien segurtasuna bermatzeko bidegurutzeak zaintzen beti boluntario aritu baita Arantxa .Aaste honetan utzi gaitu Aitor Agirreren amak, jaso beza familia osoak Zumaiako Txirrindulari Elkartearen besarkadarik sentikor eta goxoena; gugan bego Arantxa.