Zumaiako lasterketa denboraldiko lehena izango da 23 urtez azpiko eta 30 urtez azpiko ziklista askorentzat, eta duen ibilbideagatik –teorian beste batzuk baino leunagoa– erakargarria da oso sasoia hasteko.
Beñat Sainz arroarrak, adibidez, Zumaian estreinatuko du maila berria. Viveros San Antongo harrobitik irtendako lau txirrindulari izango ditugu lasterketan: Beñat Sainz Nafarroako Telco taldearekin, eta Aratz Unanue, Mattin Salegi eta Aitor Agirre Gipuzkoako Smartlog talde berriarekin.
Smartlog taldeko txirrindulariek Essor Basquen kendu zieten hautsa bizikletei; Essor Basqueko hirugarren etapan Aitor Agirrek bederatzigarren amaitu zuen, eta pelotoiko seigarrena izan zen esprintean. Mattin Salegiren lana, berriz, erabakigarria izan zen Diego Ruiz de Arkaute taldekideak laugarren amaitu zezan Don Beniton (Extremadura, Espainia) joan den igandean. Aratz Unanuek estreinaldi bikaina izan zuen Essor Basqueko laugarren etapan, non ibilbidearen gogortasunaren ondorioz oso txirrindulari gutxik amaitu zuten lasterketa, Iraetakoa ohorezko postuetatik gertu helmugaratuz. Etxeko lasterketa izango da lau txirrindulari hauentzat, eta urduritasunak sabelean tximeletak sortu arren, euren onena eman eta protagonista izateko prest dira.
Larunbat goizean 114 kilometroko lasterketa jokatuko da, XVIII Zumaia Saria. 10:00etan hasiko da eta bi zakila bira txiki osatu eta gero, Meagan barrena bi zakila bira handi gehituta, esprintean bukatzeko aukera handiak daude. Faboritoetako bat iazko irabazlea eta aurten Smartlog taldeko maillotarekin lehiatuko den Diego Ruiz de Arkaute izango da. Euskaldun torneorako lehen lasterketa puntuagarria izango da Zumaiakoa. Zale guztiei Axular etorbidera gerturatzeko dei egiten diegu, bertatik lau aldiz igaroko baitira txirrindulariak; ikusteko lasterketa polita da, beraz.
Larunbat goizekoa 23 urtez azpikoen eta 30 urtez azpikoen lasterketa bada, Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txikienek arratsaldean, Zarauzko Itsas Mendiko pistan teknifikazioa izango dute.
Juniorrak eta kadeteak ere hastear
Igande goizean estreinatuko dute errepideko denboraldia juniorrek. Eibarren dute lasterketa. Karrera horrek amaieran du zailtasuna, Etxebarritik San Migel mendatea igoko baitute. Elgoibarra jaitsi eta zuzenean Eibarra joango dira txirrindulariak , Toribio Etxeberria kalean amaituz.
Kadeteek berriz igande arratsaldean dute lehen hitzordua. Zarauzko lasterketak igoko du teloia. Zarautz-Zumaia-Muniosoro-Meaga-Zarautz zirkuitoaribi itzuli emango dizkiete txirrindulariek.
Zumaiako Txirrindulari Elkarteak iraila bukaeran jaitsiko du 2026ko denboraldiari dagokion teloia.