Maite Urteagak handia egin du

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko martxoaren 6a

Maite Urteaga, podiumean.

Maite Urteaga Zumaiako txirrindulariak sekulako lana egin zuen 114 kilometroko lasterketan. 

Berak ere ez zuen sinesten gai izan zitekeenik, baina lortu zuen. 114 kilometroko lasterketa, 23 urtez azpiko eta 30 urtez azpiko mailako mutilekin tropelean nahastuta, horien erritmoan lasterketa osoan (45,829Km/H) eta pelotoian lortu zuen lasterketa amaitzea. Ez da ohikoa maila honetako mutilen artean neskak ikustea eta benetan balioan jarri behar da Maite Urteaga zumaiarraren lana.

Asteburu honetan Seguran Euskadiko txapelketa du; Eulen-Amenabar taldeko txirrindularia faboritoa da, Garazi Bergarak ere maila nagusian parte hartuko du eta Zumaiako txirrindulari elkarteko harrobian sortuak diren Laia Zumeta (junior kategorian), Inge Zumeta eta Izaro Agirre (kadeteak) ere Euskadiko txapelketan izango dira igandean.

Smartlog taldearekin Zumaian lasterketa bikaina osatu zuten Aitor Agirrek, Mattin Salegik eta Aratz Unanuek. Aitor Agirre eguneko ihesaldian sartu zen, eta taldean esprinter bikaina zutenez, berarentzat lan egin zuten garaipena lortzeko. Hiruren lana benetan estimatu zuen Diego Ruiz de Arkaute txirrindulariak, nahiz eta arabarra bigarren sailkatu zen, matxura batek irabazteko aukerak murriztu baitzizkion. Hala ere , podiumean izan zen.

Beñat Sainzek (TelcoOnClima) lan ederra osatu zuen. Bere taldeak Beñat Garaiar aukeratu zuen esprinterako, eta arroarra erabakigarria izan zen ihesaldiak tartea handitu ez zezan. Bukaeran oso ondo kokatuta sartu zen, baina azken zuzenean erori egin zen. Ondo egindako lanaren gogobetetasuna izan zen bere 23 urtez azpiko lehen lasterketaren saria.

Lasterketa Hariz Azurmendi (Eiser-Hirumet) lezamarrak irabazi zuen, atzetik aurrera eginda esprint ikusgarri batean; Aitor Agirre 19. sailkatu zen, Aratz Unanue 40., Mattin Salegi 87. eta Maite Urteaga 109. Pelotoitik atzeratuta zebilen Beñat Sainz, eta erorikoa izan zuen arren, helmugara iristea lortu zuen.

Asteburu honetan Euskaldun Torneoko lasterketarik gogorrenetakoan izango dira Aratz Unanue, Aitor Agirre eta Beñat Sainz; Ereñon ez, Pontevedran korrituko du Mattin Salegik Espainiako Kopako hirugarren proba puntuagarrian. Zumaiarra lanera doa Galiziara, Espainiako Kopan lehen bi lasterketak jokatu ondoren Smartlog taldea nabarmentzen ari baita: sailkapeneko lehen 13ean artean talde horretako lau txirrindulari daude, adibidez, hirugarrena da Jon Conejero.

Junior eta kadete mailak

Juniorrek Eibarren hasi zuten denboraldia. Ez zuten lasterketa ona osatu; Viveros San Anton -Mardu taldeko lehen txirrindularia Jon Berasategi izan zen eta atzetik, 41. postuan, helmugaratu zen, irabazlearengandik bost minutura.  Bihar Mutrikun izango den lasterketan, Eibarko arantza kentzea izango da juniorren helburua.

Kadeteek hasiera polita eman zioten denboraldiari. Eguraldi paregabearekin jokatu zuten lasterketa Zarautzen, eta Meaga bi aldiz igo eta gero, helmugan 11. sailkatu zen Borja Osa itziartarra. 45 kilometroko lasterketan eta Meaga bi aldiz igota, bataz besteko abiadura handia izan zen, 42,93 km/h. Bihar Beasainen dute lasterketa.

Harrobikoak, Zarautzen

Infantilek, alebinek eta benjaminek ere lasterketa dute bihar arratsaldean, Zarautzen. Iraetan garaile izan ziren Aratz Aranburu eta Galder Zumeta berriz ere Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide guztiak ziklista izaten ikasteko prozesuan aurkari-lagunak ikusteko gogo handiz daude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide