Lautadako kilometroen ondoren Lierniko igoera bi aldiz gainditu behar izan zuten; itxaron gabe bigarrenera, lehenengo igoeran jo zuen zumaiarrak kolpea eta alde egin; jaitsieran bere taldekide Claudia San Justok berekin bat egin zuen eta hortik aurrera goitik behera menperatu zuten lasterketa. Hiru minutuko aldearekin helmugaratu ziren, baina nahi izan balute gehiago ere aterako zioten hirugarrenari. Garazi Bergarak (Zatika) ere lortu zuen Euskadiko Txapelketa amaitzea.
Asteburu honetan Maite Urteagak Zumaian jokatuko den junior mailako lasterketan parte hartuko du.
Mutilei dagokienez, Mattin Salegik bi klasiko handi korritu zituen pasa den asteburuan. Larunbatean Padronen Espainiako kopako lasterketan (171 kilometro), eguneko ihesaldian sartu zen eta helmugarako hamar kilometroren faltan lehen pelotoiko kideek harrapatu zituzten ihesitako hamahiruak. Errekuperazio ona erakutsiz, hurrengo egunean Zamorako Muelas De Panen beste klasiko bati aurre egin zion zumaiarrak, berriz ere eguneko ihesaldian protagonista izan zelarik; taldeka garaile izan zen Smartlog.
Ereñoko , euskaldun torneoko lasterketan parte hartu zuten Aitor Agirre, Aratz Unanuek eta Beñat Sainzek. Lasterketan hiru eroriko handi izan ziren, eta lasterketa hirutan gelditu egin behar izan zuten. Azkenean, 32 kilometroko lasterketa izan zen. Aitor Agirrek min hartu zuen eta ez zuen “kadete” mailako lasterketa ere korritu, eta Unanue eta Sainz oso ondo moldatu ziren, nahiz eta hoztu eta giharrak aktibatzea kosta egin zitzaien.
Juniorrak, kadeteak eta harrobia
Kadeteek Beasainen izan zuten lasterketa. 196 txirrindulari izan ziren irteeran eta eroriko baten ondoren Daniel Blancok ezin izan zuen lasterketa bukatu. Pelotoian ondo kokatuta joan ziren lasterketa osoan Viveros San Antongo ziklistak. Bukaeran, Olaberriako malda tentean, bakoitza bere tokian jarri zuen bideak eta helmugan Borja Osa izan zen taldeko onena; hogeigarren sailkatu zen irabazlearengandik 24 segundora, Xuban Arastain 54. sailkatu zen, Julen Alkorta 55., Oinatz 123. eta Telmo Gaztañazpi 143. 40 kilometroko lasterketa orduko 40 kilometroko abiaduran osatu zuten.
Juniorrek Mutrikun izan zuten lasterketa. Mutriku-Osintxu-Mutriku egin lehen zatian; buelta hori oso azkar egin zuten, orduko 46 kilometroko abiaduran, eta ondoren Kalbario bi aldiz igo behar izan zuten. Kalbarion multzo txiki bat gelditu zen buruan eta bertan sartu zen Unai Egaña; azkenean 18. sailkatu zen 25eko taldetik. Viveros San Antongo beste kideak atzerago ailegatu ziren, bi minutu baino gehiago galduta. 200 txirrindulari abiatu ziren eta 153k lortu zuten lasterketa osatzea. Azkenean orduko 42 kilometroko bataz besteko abiadura atera zuten.
Harrobikoek lan aparta egin zuten Zarautzen. Nabarmentzekoa Amaia Agirre infantiletan mutilekin esprintean laugarren sailkatu zela, lehenengo neska izanik. Bere ahizpa bikia, Amalia ere, mutilekin esprintean sartu zen, top 10a eginez. Alebinetan, Galder Zumeta bigarren sailkatu zen eta benjaminetan Aratz Aranburuk irabazi zuen, Unai Otaño bigarren sailkatuz.
Asteburua
Zumaian jokatuko da junior mailako lasterketa larunbat goizean. 10:00etan hasita, bi zakila bira txiki, handi bat (Meagatik), eta azken itzulian Garate igoko dute txirrindulariek, behin Oikiara jaitsitakoan, auzoren bihotzetik igarako direlarik. Muino horrek mina egiten du eta zer esanik ez Beduakoak. Lasterketa gogorra da, baina azkenean txirrindulariak izango dira zer nolako lasterketa izango den erabakiko dutenak. 140 txirrindulari inguru izango dira irteeran, horien artean Purito Rodriguezen taldea, Melanie Dupin pistako Frantziako selekzioko kidea eta Frantziako txapelketan lau urrezko domina lortu dituen txirrindulari baionarra, eta nola ez, berriz ere mutilen pelotoian sartuta etxekoa, Maite Urteaga.
Kadeteek Mendaron dute larunbat arratsaldean lasterketa, eta harrobikoek igande goizean Urbileko parkinean dute lasterketa. Afizionatuei dagokienez, Beñat Sainz eta Mattin Salegi larunbatean Berriatuan izango dira eta igandean Gorlako igoeran; lasterketa historiko honen 50. Eedizioan parte hartuko du lehenengoz Aratz Unanuek. Aitor Agirrek atseden du asteburu honetan, Ereñoko kolpeetatik ondo errekuperatzeko.