Aitor Agirre, pedal kolpe onarekin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko martxoaren 26a

Benjamin kategoriako txirrindulariak.

Smartlog taldeko txirrindulari zumaiarrak asteburu ona osatu du Euskal Herriko lehen klasikoaren bezperetan.  

Laukizen hamahirugarren sailkatu zen larunbatean; ihesaldian sartu zen baina azken unean garaipenik gabe geratu ziren. Igandean, berriz, Markinan zazpigarren sailkatu zen. Ibilbide gorabeheratsua eta amaierako metroak bihurriak dira Markinan. Beraz, balioa eman behar postu horri.  

Horrekin guztiarekin, larunbatean jokatuko den Aiztondo Klasikora sasoiko ailegatuko da Agirre, baina taldearen aginduetara makurtu beharko du, Jon Conejero taldekideak sailkapen nagusiko hirugarren postua defendatu beharko baitu.  

Laukizko lasterketan 32 txirrindulariz osatutako tropelaheldu zen esprintera, lehen biengandik 42 segundora, eta Aitor Agirrez gain, bertan ziren Mattin Salegi (25.) eta Aratz Unanue (31.). Markinan Aratz Unanuek taldekideentzat lana egin ondoren, 54. amaitzea lortu zuen.  

Beñat Sainz larunbatean Astilleron izan zen eta 35. sailkatu zen, taldeko kide guztiek bezala, Beñat Garaiarrentzat lana egin ondoren; oiartzuarra bosgarren sailkatu zen. Igandean Markinan ere maila oso ona eman zuen arroarrak eta azken metro zigizagatsuetan hamazazpigarren sailkatu zen. 

Viveros San Antongo jubenilek Antzuolan Uzarragako igoera jokatu zuten. 197 txirrindulari abiatu eta 113 heldu ziren helmugara. Unai Egaña eta Lukas Blancok lasterketa bikaina osatu zuten, presentzia emanez taldeari ihesaldietan. Amaierako malda gogorra gainditu, eta Unai Egaña 26. sailkatu zen, irabazlearengandik minutu batera. Bi minutu eta erdira heldu ziren, 57. Jon Berasategi, eta 58. Lukas Blanco. 

Kadeteak Lizarrara joan ziren eta nabarmendu beharreko lehen albistea taldeko bostek amaitu zutela abiadura bizian jokatu zen lasterketa. Iratxeko azken igoeran erabaki zen lasterketa eta hortxe onenekin sartu zen Borja Osa. Helmugara itziartarra 11. ailegatu zen, Daniel Blanco 54., Xuban Arakistain 60., Julen Alkorta 70., Oinatz Alberdi 104. eta Telmo Gaztañazpi 124. 178 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta 143k zeharkatu zuten helmugako marra. 

Harrobiari dagokionez, Irunen igande goizean Aratz Aranburu nabarmendu zen benjaminetan, eta Amaia Agirre infantiletan.  

Asteburu honetan Elkarteko gazteenek Oiartzunen BTTko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, larunbat arratsaldean; kadeteek igande goizean Deban izango dute lasterketa eta arratsaldean berriz Azpeitian izango dute hitzordua jubenilek. Oso lasterketa gogorrak dituzte kadete eta jubenilek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide