Amaia Agirre Gipuzkoako txapeldunorde izan da BTTn

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko apirilaren 3a

Gipuzkoako BTT Txapelketako podiuma. (Utzitakoa)

Larunbatean jokatu zuten Gipuzkoako BTT Txapelketa, Listorretan. Kadeteek eta juniorrek Deban eta Azpeitian jokatu zituzten pasa den asteburuan beraien lasterketak.

Neguko eguraldiarekin, eta bizikleta lokatzetan sartzen zela, larunbatean Gipuzkoako BTT Txapelketak jokatu zituzten Listorretan. Zirkuitua luzea eta exijentea zen; baldintzengatik oso gogorra izan zen, baina Amaia eta Amalia Agirrek infantiletan, eta Galder Zumetak kimuetan oso maila ona eman zuten. Halaber, etorkizuna badagoela erakutsi zuten Erkiagak eta Lazkanok benjaminetan.

Infantil mailan, erorikoak tarteko, Amaia eta Amalia Agirrek ezin izan zuten podiuma konpartitu; azkenean, Amaia bigarrena izan zen, eta Amalia laugarrena. Zumetak hirugarren amaitu zuen kimuen mailako lasterketa, eta benjaminetan Erkiaga laugarrena izan zen. Lazkano, berriz, bosgarrena.

Kadeteak eta juniorrak

Igandean izan ziren kadeteen eta juniorren lasterketak; Deban kadeteena, eta Azpeitian juniorrena. Aipatu beharreko lehen datua da bi mailatan Viveros San Anton taldeko txirrindulari guztiek amaitu zutela lasterketa, denboraldi honetan lehenengoz.

Deban Saturrarandik Galdonako kanpinera dagoen malda tentea erabakigarria izan zen lasterketaren bukaeran, eta hortzak ondo hestuta Borja Osa onenekin helmugaratu zen, zazpigarren iritsi helmugara. Ondorengo multzoetan sakabanatuta heldu ziren: 20. Daniel Blanco (denboraldiko lasterketarik onena eginda), 30. Xuban Arakistain, 78. Julen Alkorta, 84. Oinatz Alberdi, eta 97. Telmo Gaztañazpi. 155 txirrindulari elkartu ziren abiatzeko orduan, helmugara horietatik 111 ailegatu ziren. Taldeka laugarren sailkatu zen Viveros San Anton-Mardu Exclusivak taldea.

Azpeitian, 197 txirrindulari izan ziren irteeran, eta horietatik 142 izan ziren bukatu ahal izan zutenak. Domusako igoeran erabaki zen lasterketa. Bi aldiz gainditu behar izan zuten malda zaharra, eta Zumaian garaile izan zen Laffittek irabazi zuen. Viveros San Antongo lehena 50. postuan ailegatu zen: Jon Berasategi. 64. heldu zen Unai Egaña, 89. Lukas Blanco, 110. Peru Calvo, eta 130. Amets Alberdi.

Maite Urtegak, berriz, bigarren bukatu du Lea-Artibai Challengea.

Asteburu honetan

Aste Santua izan arren, ez dute jairik ez juniorrek ezta kadeteek ere. Amorebietan eta Altsasun izango dute lasterketa kadeteek; juniorrek, berriz, Amorebietan eta Agurainen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide