Maite Urteaga, Espainiako Kopatik UCI mailara

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko apirilaren 16a

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko jubenilak, pasa den asteburuan Kanbon.

Padronen (Galizia) Espainiako Kopako lasterketa irabazi ondoren, igandean Eibar Hiria lasterketan izango da Maite Urteaga. UCi mailako lasterketa honetan Laboral Kutxako txirrindulariak izango ditu besteak beste kontrario. Zumaiarrak bere ahalmena eta sasoi ona erakutsi nahi du, kontutan izanda erakusleiho ona dela amets hori egia bihurtzeko. 

Lasterketa 10:00etan hasiko da eta 108 kilometro ondoren, 13:00ak aldera bukatuko da. Abiatu ondoren, kostako bidea hartuko du lasterketak eta Itziar igo ondoren, Zumaiatik igaroko da, 10:30ak aldera, Zarautzera joan eta Meagas igotzeko. Itziartik Elgoibarrera San Migel igoko dute Barinagatik, eta horren ondoren, Ixua igo eta Eibarra jaitsi ostean, Toribio Etxeberria kalean lasterketa amaituko dute. Maite Urteagaz gain, Garazi Bergara zumaiarrak ere parte hartuko du VIII Eibar Hiria Sarian. 

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu 

Juniorrek aurreko igande arratsaldean Lapurdin korritu zuten, Kanbo eta Sara artean jokatutako Lapurtarren Klasikoan. Lasterketa gogorra, ibilbidea etengabe gaintxoz betea zegoen, bat igo eta hurrengoa igo aurretik atsedenik gabe; erritmo bizian jokatu zen lasterketa eta bukaera Lizarretako gainean, Nafarroarekin muga egiten duen mendatean, amaitu zen. Taldetik onena Jon Berasategi izan zen, 26. tokian; 35 eta 36. postuetan ailegatu ziren Lukas Blanco eta Peru Calvo. Azken honek denboraldiko lasterketarik onenetakoa egin zuen. Amets Alberdik eta Unai Egañak ezin izan zuten lasterketa bukatu. 

Juniorren egutegian zailtasunak handitzen joango dira. Hemendik gutxira Espainiako Kopako Nafarroako klasikoa korrituko dute juniorrek eta hilabete falta da Gipuzkoako Nazioarteko Klasikorako. Beraz, karreretako ibilbidea gogortzen joango da aurrerantzean. 

Asteburu honetan, larunbat goizean, Zegaman dute lasterketa juniorrek eta igandean Lizarran lasterketa, Nafarroako Klasikoa jokatuko den errepideetan. 

Kadeteek ez dute lasterketarik aste honetan eta oporraldiaren ondoren infantil, alebin eta benjaminek larunbat arratsaldean Donostian dute hitzordua. 

23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariek Duranan izango dute lasterketa igande goizean. Lasterketa gutxi gelditzen da maiatzaren 8an hasiko den Bidasoako Itzuliaren aurretik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide