Eliteen eta 23 urtez azpikoen mailan maiatza oso hilabete berezia da, eta etorkizunari begira garrantzitsua; Santi Kutz Klasikoa (Espainiako Kopa), Valenciagaren Oroimenezkoa (Espainiako Kopa), Bidasoako Itzulia, Nafarroako Itzulia… Maila horretako hitzordu nagusiak dira, eta esan daiteke une gozoan eta pedal kolpe onarekin helduko dela Aitor Agirre (Smartlog) txirrindulari zumaiarra.
Joan den igandean Valladoliden jokatutako Espainiako Kopako lasterketan hirugarren amaitu zuen ( denboraldiko posturik onena). Lasterketaren maila ikusita, sasoiko dago datozen erronkei erantzuteko.
Kadeteak
Arrespalditzan eta Eibarren izan zituzten lasterketak Viveros San Anton-Mardu taldeko kadeteek. Arrespalditzan oso-oso lasterketa gogorra jokatu zuten, 183 abiatu ziren eta 83k bakarrik amaitu zuten; horien artean Borja Osak eta Daniel Blancok.
Borja Osa behin eta berriz saiatu zen azken kilometroetan ihes egiten, baina ez zuen helburua lortu, eta azkenean ahalegin horiek ordaindu eta 25. bukatu zuen irabazlearen denbora berean; Daniel Blanco 54.a izan zen, 2 minutura. 47 kilometroko lasterketa bataz besteko abiadura bizian osatu zuten txirrindulariek 43,075 kilometro orduko abiaduran, hain zuzen.
Larunbatean izan zen hori, eta igandean, berriz, denboraldi honetan lehen aldiz 60 km-ko luzera gainditu zuen Eibarko lasterketak; 68 zituen, zehaz mehatz esanda. Denboraldi honetako lasterketarik onena osatu zuten Viveros San Antongo kadeteek; azken 10 kilometroak arte taldeko 7 kideak pelotoian izan ziren, orduan Daniel Blancok zulatua izan zuen, eta matxura Mikel Egañak. Helmugan Borja Osa 10. sailkatu zen, Xuban Arakistain 24., Julen Alkorta 51., Oinatz Alberdi 84., Mikel Egaña 85., Daniel Blanco 86. eta Telmo Gaztañazpi 88. Guztira 101 txirrindulari heldu ziren helmugara, 52 karrera bukatu ezinda gelditu ziren.
Asteburu honetan kadeteek Seguran izango dute lasterketa, eta horren ondoren, hilaren 9an, etxean, Zumaian, jokatuko duten Gipuzkoako Txapelketako lasterketari begira izango dira.
Juniorrek aurreko asteburuan ez zuten lasterketarik izan, aste honetan bi dituzte. Irurtzun-Goldaratz klasika batetik, eta bestetik, Lazkaomendiko lasterketa mitikoa.
Harrobia
Hernanin izan zuten hitzordua benjaminek, alebinek eta infantilek. Benjamin mailan nagusi segitzen du Aratz Aranburuk. Alde horretatik, ezustekorik ez, baina bai ondorengoetan, gorakada handia egin baitute Beñat Iraolak, Julen Erkiagak, Aiert Lazkanok, Aiert Olkozek eta Unax Otañok.
Alebin mailan maldatxoa gainditu beharra zuten ibilbidean eta aldapak min egin zuen, baina podiumetik gertu amaitu zuen Galder Zumetak, eta oporraldian egindako lanaren ondoren, lehenengoetatik gero eta gertuago dabiltza Amets Agirre, Ekain Txakartegi, Iraitz Pardo , Eki Eizagirre edo Denis Otaño.
Infantil mailan Amaia Agirre berriz ere garaile izan zen. Aste honetan ez da lasterketarik, hilaren 9an Tolosan Gipuzkoako txapelketak jokatuko dituzte.