Guztira 160 txirrindulari inguru espero dira eta horien artean izango dira etxekoak, Viveros San Anton-Marduko zazpi txirrindulariak: Mikel Egaña, Xuban Arakistain, Oinatz Alberdi, Daniel Blanco, Telmo Gaztañazpi, Julen Alkorta eta Borja Osa. Mimoz prestatu dute etxeko lasterketa txirrindulariek, eta ibilbidea inork baino hobeto ezagutzen dute: hiru zakila bira, azkenenekoan Iraetako igoera barrutik eginez, Arroagoiko bidegurutzera arte. Lasterketa esprintean amaitu daiteke eta Dani Diaz (Dimaq-Ipar maquina-Irunes) da faboritoa baina Viveros San Antongo txirrindulariak ere gogotsu daude etxeko eta lagunen aurrean luzitzeko.
Borja Osa da taldetik ondoen dabilena, joan den larunbatean bertan hirugarren sailkatu zen Seguran. Amaiera ona eman zion probari, baina hobea izan zen lasterketan izan zuen jarrera: 55 kilometroko lasterketan, zortzigarren kilometroan bakarrik ihes egin zuen. Gero jendea batzen joan zitzaion, une batean ere zortzi kide izan ziren aurrean, baina Lierni eta Zeraingo igoeran heldu zirenean bakandua etorri zen eta hiru besterik ez ziren gelditu. Lasterketa guztia ihes eginda eman ostean helmugan hirugarren izateak asko esan nahi du bere alde; denboraldiko lasterketarik borobilena osatu zuen.
Jubenilek bi lasterketa izan zituzten aurreko asteburuan: ostiralean, Goldaratzen, Berasategik, Egañak eta Blancok bukatu ahal izan zuten. Igandean, berriz, Lazkaomendin, aurretik Urkillaga ere igota, helmugara Berasategi 33. postuan ailegatu zen, 68. Blanco eta 69. Egaña. Lazkaomendiko lasterketan nabarmentzekoa da Maite Urteagak 30. amaitu ahal izan zuela, ihesita ibili ondoren, gainera.
Asteburuan, Lizarran juniorrak
Alebin eta infantilek larunbat arratsalde honetan Tolosan Gipuzkoako Txapelketak izango dituzte jokoan; iraupeneko txapelketak dira datorren astean Korta industriagunean, Zumaian, taldekako Gipuzkoako Txapelketak jokatu aurretik.
23 urtez azpikoetan, ostiral honetan, Bidasoako Itzulia hasiko da eta bertan Viveros San Antongo harrobiko lau txirrindularik parte hartuko dute: Adur Tapia (BBK-Euskadi fundazioa), Beñat Sainz (Telco-On clima), eta Aratz Unanue eta Aitor Agirre (Smartlog). Aitor Agirre Legazpiko Santi Kutz klasikoan erori eta egun batzuetan geldirik egon ondoren errepideratuko da.
Maite Urteagarentzat ere egun garrantzitsuak datoz, datorren asteazkenean, maiatzak 13 Durangoko Klasikoan parte hartuko baitu goi mailako txirrindularien aurka. Eibarren Usoa Ostolazaren atzetik bigarrena izan zen, berriz ere erakusleihoan jarriko da zumaiarra.