Urrutitik ekin zion esprintari zumaiarrak eta Dorletako Amako txirrindularia ez zen hura gainditzeko gauza izan. Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskadiko Txapelketa izango da hurrengo helburua, eta jadanik ekainaren 20an Torrejon de Ardozen jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartela eskuan du. Amalia Agirre laugarren sailkatu zen Gipuzkoako Txapelketan.
Mutiletan, kanporaketak jokatu ziren, eta Mikel Otaño finalerako sailkatu zen; behin finalean, pelotoiaren erritmoari eustea nahikoa helburu izan zuen. Alebinetan, Zumaiako Txirrindulari Elkarteko Galder Zumeta izan zen onena; bere txandan laugarren sailkatu zen.
Asteburu honetan Zumaiako Korta Industriagunean taldekako erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dituzte. 16.00tan hasiko dira lasterketak eta 19:30ak aldera arte luzatuko dira. Zumaiako Txirrindulari Elkarteak gonbitea luzatu nahi dizue Beduan, Korta Industriagunean etorkizuneko izarrak ikustera gerturatzeko.
Kadeteak eta jubenilak
Zumaian, etxeko lasterketan, taldeka bigarren sailkatu zen Viveros San Anton-Mardu. 123 txirrindulari batu ziren irteeran eta 55 kilometro osatu ondoren, 84 heldu ziren helmugara. Etxekoak pelotoi buruan ailegatu ziren: Borja Osa seigarren, Xuban Arakistain zazpigarren, Daniel Blanco hemeretzigarren eta Julen Alkorta 38. Tropel nagusia 45 txirrindularik osatu zuten eta Dani Diaz irabazlearengandik 56 segundora heldu zen. Hiru minutura zeharkatu zuen helmugako marra Oinatz Alberdik, 76. tokian. Nabarmentzekoa kadeteen abiadura izan zen, ibilbidea orduko 41,222 kilometroko bataz bestekoan osatu zutelako. Larunbat honetan Nafarroan, Iruritan, izango dute lasterketa kadeteek.
Jubenilak Lizarraraino joan ziren eta talde bezala denboraldiko lasterketarik onena osatu zuten, nahiz eta beste batzuetan agian postu hobeak lortu zituzten. Tropel nagusian amaitu zuten Berasategik eta Egañak. Jon Berasategi 42.a izan zen, Unai Egaña, berriz, 52.a.
Maite Urteaga ere pelotoi horretan helmugaratu zen. Hauengandik 20 segura heldu zen 68. tokian Lukas Blanco, eta bi minutu eta erdira Peru Calvo, 121. postuan. Igande honetan estatu espainiarreko talderik indartsuenekin korrituko dute Lizarran Viveros San Anton taldeko ziklistek. Manolo Azkona klasikoan parte hartuko dute. Ibilbide luze izango dute, 123 kilometroko karrera da eta ibilbide menditsua, non bukaeran Eraulek eta Muruk sententzia emango duten. Iaz, egun Lidl Trekekin profesionala den Eñaut Urkaregik irabazi zuen.