Amaia eta Amalia Agirre ahizpak, Gipuzkoako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko maiatzaren 22a

Txirrindulariak, Gipuzkoako txapelketa amaitu osteko podiumean. (Arritxu Iribar)

Jose Mari Korta industriagunean jokatu zuten Gipuzkoako taldekako txapelketa irabazi zuten Amaia eta Amalia Zumaiako ahizpek.

Zumaiako Jose Maria Korta industriagunean jokatutako Gipuzkoako taldekako txapelketetan, Amaia eta Amalia Agirre ahizpa zumaiarrek txapelketa irabazi dute. Aloña Mendi, Dorletako Ama, Otxe eta Zumaiako txirrindulari elkarteen artean osatutako boskotea aise nagusitu zen, bigarren taldeari minutu eta erdiko aldea aterata. Emaitza horrekin, Amaia Agirre denboraldi zoragarria osatzen ari da, errepidean iraupeneko eta taldekako erlojuaren aurkako txapelketak irabaziz. Zumaiarrak erronka berria du Amurrion, igandean jokatuko den Euskadiko Txapelketarekin. Han, Amalia ahizpak ere Espainiako txapelketetarako txartela eskura dezake lasterketa on bat egingo badu.

Taldekako Gipuzkoako Txapelketetan Zumaiak mutilen alebin mailan ere izan zuen ordezkaritza: 17. sailkatu ziren.

Larunbat honetan eskolartekoen lasterketa Errenterian izango da. Kadeteek Iruritan izan zuten lasterketa larunbat goizean. Ibilbide zaila, 60 kilometroko ibilbide gorabeheratsua. Bidea, gainera, estua zen, eta hori gutxi balitz, euria lagun edo aurkari izan zuten. Helmugan Borja Osa izan zen beste behin taldeko onena; 16. sailkatu zen, irabazlearengandik 17 segundora. Dani Blanco 55. sailkatu zen 3 minutura; Oiantz Alberdi 69. 7 minutura eta gertu, zulatu bat izanda azken kilometroetan, Julen Alkorta. Mikel Egaña hotza barruraino sartuta ibili zen, ezinean, eta lasterketa utzi behar izan zuen azkenean.

Larunbat arratsaldean Durangon parte hartuko dute kadeteek. Jubenilek Lizarran maila handiko lasterketa jokatu zuten, 113 kilometrokoa; bigarren erdia os-oso exijentea izan zen, baina batez ere parte hartzaileek zaildu zuten maila. Estatu espainiarreko talde on asko bertan izan zen eta azterketa ona izan zen Viveros San Annton-Mardu taldeko txirrindularientzat. Lukas Blanco zulatu batek jokoz kanpo utzi zuen; ez zuen bizikleta aldatu eta pelotoian sartzea lortu; une horretan pelotoia 50Km/h ko abiaduran zihoalako. Amets Alberdik inoiz baino gehiago iraun zuen pelotoian, 80km pasa, baina ez zuen bukatzerik izan, eta beste taldekideak estu eta larri ibili ziren. Unai Egañak 112.  egin zuen, irabazlearengandik (Luka Martinez) 9 minutura; Jon Berasategik 122. 11 minutura eta harengandik oso gertu helmugaratu zen Peru Calvo, 139. postuan. Lasterketa 193 txirrindularik hasi zuten eta 143k bukatu.

Larunbat honetan Euskadiko txapelketa izango dute jubenilek Amurrion, eta igande arratsaldean, Anoetan jokatuko dute asteburuko bigarren lasterketa; Azken aukera izango da hilaren 9an Aizarnazabalen jokatuko duten erlojuaren aurkako txapelketarako sailkatzeko. Mugarritik gertu dabil Unai Egaña, baina momentuz ez du lasterketa leihatzeko eskubidea lortu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide