Maite Urteaga Eulen Amenabar taldeko txirrindulari gipuzkoarrak ezustekoa eman zuen Gipuzkoako Itzuliko sarrerako erlojuaren aurkakoan, eta 3.7 kilometroko ibilbidean onena izan zen. Ondorengo bi etapa menditsuetan, bere terrenoan, garbi zegoen arazorik ez zuela izango etapak irabaztea lortzeko eta Gipuzkoako Itzulia nagusitasunez garaitzeko. Hainbestekoa da bere nagusitasuna, ezen emaitzekin aldarrikatzen ari baita maila bat gorago korritzea merezi duela.
Maite Urteaga ipar hartuta, infantil mailan, Amaia eta Amalia ahizpak urratsak ematen ari dira. Errepidean, Amaia Agirre nagusi da Gipuzkoa. Joan den larunbatean Errenterian beste garaipen bat lortu zuen, mutilen artean 4. sailkatu zen, eta lehenengo neska izan zen. Amalia ahizpak mutilen artean lehenengo 15en artean sailkatzea lortu zuen.
Hurrengo egunean, Amurrion jokatutako infantil mailako Euskadiko Jokoetan, Amaia hirugarren sailkatu zen, brontzezko domina bereganatuz. Amalia seigarrena izan zen. Mutiletan, Mikel Otaño izan zen Euskadiko jokoetan parte hartu zuen Zumaiako txirrindulari elkarteko ordezkaria. Asteburu honetan, hirurak BTTko Euskadiko Txapelketan izango dira, Oiartzunen.
Amaia Agirre Espainiako Txapelketetarako aukeratu dute, eta iada hasi da EAEko selekzioarekin entrenatzen. Ekainaren 20an, Madrilen, izango da Espainiako infantil mailako txapelketa.
Errenterian, alebin eta benjamin mailetan ere protagonista izan ziren Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kirolariak. Bejnaminetan, Aratz Aranburuk bere nagusitasuna erakutsi zuen beste behin. Kadeteek Durangon izan zuten lasterketa larunbat arratsaldean, eta Viveros San Antongo txirrindularien artean, Xuban Arakistain eta Daniel Blanco izan ziren azkarrenak; haiengandik gertu helmugaratu ziren Julen Alkorta, Borja Osa (jaitsieran erorikoa izan zuen) eta Oinatz Alberdi. Ibilbide gogorra zen eta bero ikaragarria egin zuen, beraz, meritu handiko lasterketa osatu zuten txirrindulari gazte horiek.
Jubenilek asteburu gogorra izan zuten: larunbatean Amurrion Euskadiko Txapelketa jokatu zuten, eta igande arratsaldean, Anoetan, lasterketa izan zuten. Euskadiko Txapelketako eliminazio faseko lasterketa izan zen. Lukas Blancok karrera bukatzea lortu zuen; hori egiten bakarra izan zen Viveros San Anton-Mardu taldetik. Zarauztarrak lasterketa oso-oso ona osatu zuen, pelotoi nagusian eutsiz, eta ihes eginda ibili ondoren, azkenean 37.a izan zen helmugan. Anoetan ere bera izan zen taldeko txirrindularirik onena, 24. postuan sailkatuta. Gorabehera asko izan ziren lasterketan, geldituta ere egon zen, eta jokuz kanpo egon ostean, Unai Egañak egoera salbatu zuen, eta karrera bukatu.
Juniorrak Gipuzkoako Nazioarteko Klasikora heldu dira. Europako txirrindularirik onenen aurka azterketa ederra izango dute larunbatean Ormaiztegin eta igandean Donostiako Egia auzoan. Ormaiztegiko etapak bi zati izango ditu; goizean iraupenekoa eta arratsaldean erlojuaren aurkakoa Ormaiztegi eta Gabiria artean. Maila horretako Euskal Herriko lasterketarik garrantzitsuena da, Europan erreferentzia da, txoko guztietatik heltzen baitira parte hartzeko eskaerak.