Harrobikoen lasterketak Zumaian, larunbat arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko ekainaren 5a

Zumaiako txirrindulariak, Gipuzkoako Klasikoan. (Utzitakoa)

Benjamin, kimu eta infantil mailetako txirrindularien lasterketak izango ditugu ekainaren 6an, arratsaldeko 4.30etik aurrera, Axular etorbidean. Errepidea kotxeen zirkulaziorako 4tan itxiko da eta  Zumaiena paretik, Bittarte erretegia bitartean jokatuko dira harrobiko txirrindularien lasterketak.

Aurrena benjaminak hasiko dira, 9-10 urteko neska-mutikoak. Hauek bi itzuli emango dizkiote zirkuituari. Orain arte lasterketa guztietan nagusitzen ari da Aratz Aranburu, eta etxeko karreran ikusiko dugu nola kudeatzeen duen egoera. Benjaminen atzetik kimu mailako gaztetxoak izango ditugu lehiatzen. hauek 11 eta 12 urte bitarteko umeak dira eta maila horretan Zumaiako Txirrindulari Eskolak ordezkaritza oparoa du, aurrean ibiltzeko aukerak dituztelarik Galder Zumetak eta Denis Otañok. Arratsaldeari infantil mailako lasterketak emango dio amaiera; maila horretan Amaia eta Amalia Agirre ahizpen parte hartzea nabarmendu behar da. Izan ere, biak mutilak hestu hartzen ari dira. Azkenean, lasterketa erabakitzen denean, nesken artean nagusi da Amaia Agirre. Lasterketa guztiak eraman ditu eta une honetan Espainiako txapelketarako entrenatzen ari da Euskadiko Selekzioarekin. Lasterketa guztietan neskak eta mutilak batera aritzen dira. 

Giro oso polita sortzen da txirrindularien artean eta horregatik Zumaiako Txirrindulari elkarteak gonbidapena luzatu nahi die herritar guztiei txirrindularitza horretaz gozatzeko. Lasterketa hauek behar beharrezkoak dira etorkizunean Itzulia edo Donostiako Klasikoan parte hartuko duten txirrindulariak sortzeko.

Benjamin, alebin eta infantilen denboraldia azken txanpan dugu. Zumaiako jardunaldiaren ondoren, astebete barru, Astigarragan jokatuko dena etorriko da eta hark emango dio amaiera denboraldiari. Aurreko larunbatean, berriz, Hondarribian izan zuten lasterketa harrobikoek eta Mikel Otaño, Amalia Agirrek eta Amaia Agirrek Euskadiko BTT txapelketan parte hartu zuten. Otañok ez zuen zortea alde izan eta zulatu batek jokoz kanpo utzi zuen. Amaia Agirre bigarren sailkatu zen, zilarrezko domina lortuaz eta Amalia Agirre dominen borrokatik gertu izan zen, zirkuitu exijente eta tekniko baten oso-oso maila onean ibilita.

Kadeteek Murietan (Nafarroa) izan zuten lasterketa. Borja Osa laugarren sailkatu zen, ausart jokatuta aurrera egin eta pedal kolpe indartsua erakutsiz. Viveros San Anton-Marduko beste txirrindulariak multzo nagusian helmugaratu ziren, irabazlearengandik 36 segundora. Xuban Arakistain 25. sailkatu zen, Daniel Blanco 34., Oinatz Alberdi 42. eta Julen Alkorta 45. 163 txirrindulari elkartu ziren irteeran, eta 97k lortu zuten lasterketa bukatzea. Larunbat honetan Etxebarrin (Bizkaia) dute lasterketa.

Juniorrek Nazioarteko Gipuzkoako Klasikoan parte hartu dute. Bi egunetan hiru etapa jokatu eta Lukas Blanco izan da Klasikoa amaitzea lortu duen txirrindulari bakarra. Talde osoarekin oso esperientzia positiboa izan da, nahiz eta emaitza ez den batere ona izan. Klasiko horretan Europako talde indartsuek parte hartu dute eta asko World Tourreko taldeen harrobiak dira. Adibidez, garailea bera, Milo de la Mare (Ineos). Maila handi handiko lasterketa izan zen non lehen euskal ziklista 11. sailkatu zen (Aitor Michelena) eta lehen gipuzkoarra 17. (Eritz Atxega).  Denboraldia aurrera doa eta asteburu honetan Espainiako Koparako aurten  puntuagarria izango  den Urkiolako Igoeran parte hartuko du Viveros San Anton- Mardu. Igande arratsaldean, berriz, Astigarragan izango dute hitzordua.

Smartlog taldearekin, bestalde, Mattin Salegi eta Aratz Unanue Nafarroako itzulia korritzen izan dira. Lan ona egin dute biek, ihesaldietan sartuta, protagonista izan dira. Azkenean, Aratz Unanue 61. sailkatu da eta Mattin Salegi 75. Etorkizun laburrean ekainaren 9ari begira gaude, Gipuzkoako bakarkako erlojuaren aurkako txapelketa jokatuko da-eta Aizarnazabalen. Aitor Agirre eta Maite Urteaga izango dira bertan parte hartuko duten zumaiar bakarrak, eta azken garaipenerako hautagai nagusiak. Aurten, gainera, Gipuzkoako txapelketa izateaz gain, Euskadikoa ere jokatuko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide