Azkenaurrekoa etxean, Zumaian, izan zuten aurreko larunbatean. Benjamin eta infantil mailan Aratz Aranburu eta Amaia Agirre nagusitu ziren, eta denboraldian lehenengoz, kimuetan,Denis Otañok Galder Zumetak egindako lasterketa onari errematea eman zionm podiumera igoaz. Otaño hirugarren sailkatu zen eta garaikurra Zumeta berak eman zion. Amalia Agirre ere podiumera igo zen; hirugarren bera sailkatu zen.
Harrobiko txirrindularien artean Amaia Agirre nabarmendu da denboraldi osoan zehar eta datorren asteburuan Euskadiko Selekzioarekin Espainiako Txapelketan parte hartuko du; Madrilen jokatuko da txapelketa. Zumaiako Txirrindulari Elkartea osatzen dugun guztion aldetik zorterik onena opa diogu infantil zumaiarrari.
Kadete mailan, Etxebarrian (Bizkaia) jokatu zuten aurreko larunbatean Gaztetxoak Torneoko lasterketa Viveros San Anton-Mardu taldeko txirrindulariek. 186 ordezkari izan ziren irteeran eta horietatik 105 besterik ez ziren helmugara heldu, lasterketak zituen 61 kilometro bihurriak osatu eta gero orduko 44,5 km-ko abiaduran.
Lehen multzoan helmugaratu zen Borja Osa; 18. sailkatu zen, azken unean segundo batzuk galdu bazituen ere. Ihesita ere ibili zen itziartarra. Ninutu eta erdira heldu ziren Xuban Arakistain eta Daniel Blanco (44. eta 51.) eta lasterketa bukatu zuen bestea Julen Alkorta zumaiarra izan zen, 65. Postuan, bi minutura. Asteburu hau bete betea datorkie: larunbat arratsaldean Bergaran (Gipuzkoa) erlojuaren aurkako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa jokatuko dute, eta igande arratsaldean, oso ibilbide gogorrean, Euskadiko errepideko txapelketa Oñatin (Gipuzkoa).
Juniorrek igande goizean izango dute Eibarren Gipuzkoako Txapelketa. Lasterketa bakarra izango dute asteburu honetan, hurrengoan Gipuzkoako itzulia –lau etapaz osatuko da– jokatuko baitute, eta aurreko asteburutik bi lasterketa oso gogor jokatuta baitaude. Larunbatean Urkiolako igoeran parte hartu zuten. Espainiako Koparako lasterketa puntuagarria zen eta bertan Gipuzkoatik hiru talde bakarrik aritu ziren parte hartzen. Jon Berasategik, Peru Calvok, Unai Egañak eta Lukas Blancok lasterketa amaitu zuten. Urkiolako igoera izena bai, baina azken malda luze eta tentearena aurretik beste bost mendate gainditu behar izan zituzten ziklistek. Biharamunean, Astigarragan izan zuten lasterketa juniorrek eta zorteak bizkar eman zien Viveros San Anton-Mardu taldeko ordezkariei: Peru Calvo eta Lukas Blanco erori egin ziren, toki txarrean, lasterketa lehiatzeko aukera guztiak galduaz gainera. Unai Egañak eta Amets Alberdik ezin izan zuten lasterketa bukatu. Helmugan 31. sailkatu zen Berasategi eta Lukas Blanco, erori eta gero gurutze-bidea bizita, 47. Tokian ailegatu zen.
Maite Urteaga eta Aitor Agirre
Elite mailako bi txirrindulari zumaiarrek Aizarnazabalen asteartean bai Gipuzkoako eta baita Euskadiko erlojuaren aurkako txapelketak irabazi zituzten.