Torrejon de Ardozen (Madril, Espainia) jokatuko dute bihar Espainiako txapelketa, eta bertan parte hartuko du, Euskadiko Selekzioarekin, Amaia Agirrek. Sasoian dago, pedal kolpe oso onarekin eta gogo askorekin Espainiako txapelketan lan on bat egiteko; Euskadiko hautatzaileak ere halaxe eman du aditzera: itxaropena badutela lasterketa on bat egin eta, ahal bada, emaitza on bat lortzeko baina, hain adin gaztetan, 14 urterekin, ikastea eta esperientziak bizitzea da helburua, eta horretara doa zumaiarra.
Amaia Agirre eta bere ahizpa Amalia datorren denboraldian kadeteak izango dira. Amaliak infantil mailako azken lasterketa irabazi zuen aurreko larunbatean Astigarragan, denboraldiari amaiera oso polita emanez.
Alebin mailan, Galder Zumetak podiumetik agurtu du denboraldia, eta aurreko lasterketetan bezala, Astigarragan ere Aratz Aranburu nagusi izan zen benjamin mailan, Beñat Iraola, berriz, hirugarren. Denboraldi oso-oso polita osatu dute benjaminek, jolasean hasi ziren, eta horrela, hobekuntza ikaragarria egin dute, azken lasterketetan lehenego postuetan Zumaiako txirrindularitza eskolako kideak nabarmendu direlarik.
Lan polita egin dute, halaber, Oñatz Etxaberen zuzendaritzapean, Aratz Aranburuk, Beñat Iraolak, Aiert Olkozek, Julen Erkiagak, Unax Otañok eta Aiert Lazkanok. Aratz Aranburu nabarmendu da, lasterketa guztiak irabazi baititu.
Kadeteek asteburu bete-betea izan zuten, larunbatean erlojuaren aurkako Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketa, eta igandean, Oñatin Euskadiko txapelketa. Kronoan Viveros San Anton -Mardu taldeko txirrindulariak ondo defendatu ziren: Borja Osa 15., Daniel Blanco 27., Xuban Arakistain 30., Julen alkorta 34. Oinatz Alberdi 60., Telmo Gaztañazpi 70. eta Mikel Egaña 73. izan ziren.
Igandean, Oñatin, oso ibilbide menditsuan, Euskadiko txapelketa jokatu zuten, eta azken mendaterarte pelotoi nagusian eutsi zioten lasterketa buruko erritmoari Osak, Arakistainek, Blancok eta Alkortak. Amaieran, helmugatik hiru kilometrora zegoen aldapa labur baina tenteak epaia eman zuen, eta helmugan Borja Osa 15. sailkatu zen, irabazlearengandik 126 segundora; Xuban Arakistain 27. (56 segundora), Daniel Blanco 58. eta Julen Alkorta 50. Taldeko denboraldiko posturik onena lortu zuten kadeteek. Bosgarren izan ziren, 16 talderen artean. Aste honetan Agurainen dute gaztetxoek torneoko lasterketa, horrek esan nahi du, berriz ere, Euskal Herriko txirrindulari guztiak bertan elkartuko direla.
Jubenilek igandean Eibarren jokatu zuten Gipuzkoako txapelketa. Lasterketa gogorra izan zen eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko gazteek dena eman zuten. Taldetik lehena helmugan Jon Berasategi izan zen, 34., 4 minutu eta 54 segundora, eta ondoren ailegatu ziren Lukas Blanco (45. postuan), Unai Egaña (49.) eta Amets Alberdi (104.). Peru Calvok, min hartuta, ezin izan zuen parte hartu.
Aste honetan, ostiraletik igandera Gipuzkoako Itzulian parte hartuko dute txirrindulariek. Hiru etapa oso gogor izango dituzte, Mendaron, Andoainen eta Seguran. Iaz itzuliko etapa guztiak bereganatuta, gaur egun Lild Treken dagoen Eñaut Urkaregik irabazi zuen, orain bi urte, berriz, Hector Alvarezek (Lidl trek). Izen hauek garbi erakusten dute itzuliaren exijentzia maila.
Maite Urteagaren erakustaldia
Murtzian Espainiako kopako lasterketa irabazita, bigarrenari minutua aterata gainera, beste erakustaldi bat eman zuen Maite Urteagak, enegarrena, eta Espainiako kopan, lasterketa baten faltan, liderrarengandik 6 puntura kokatu da. Hurrengo helburua Balmasedako lasterketa izango du zumairrak, eta datorren astean Sabiñanigon (Huesca, Espainia) Espainiako Txapelketa jokatuko du.