Aitor Agirre eta Maite Urteaga protagonista izan dirá Sabiñanigon jokatu dituzten Espainiako Txapelketetan. Aitor Agirre erlojuaren aurkako Espainiako txapeldun da elite mailan; 25 ehunen atera zizkion bigarrenari. Gogorra izan zen kronoa; profesionalekin korritu zuen eta 17. izango litzateke sailkapen bateratuan beste hainbeste eta gehiago atzetik utzita, adibidez, Caja Ruraleko Gorka Sorarrainen denbora bera egin zuen, Kern Pharmako Ibon Ruiz baino hobeto osatu zituen lanak, eta Euskalteleko Unai Aznar eta Gari Ugarte baino hobea izan zen. Lorpen handia Agirrerentzat, zikloa itxiz: Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapeldun da erlojuaren aurka.
Maite Urteagak bere mailan Espainiako azpitxapeldun amaitu zuen; profesionalekin leihatu zuen eta 6. izan zen lasterketan. Baina Maite Urteagak erakustaldia eman zuen 120 kilometro ihesean bakar bakarrik osatuta, faboritoen tropela estu hartuta. Bost kilometroren faltan harrapatu zuten lasterketako bost indartsuenek, eta egindako guztiaren ondoren, gai izan zen azken 700 metrotan eusteko. Txapelketako benetako protagonista izan zen, itzala eginez Mireia Benitori, Sara Martini Edo Paula Ostizi.
Maite Urteagaren balentriak oihartzun handia izan du txirrindularitzaren munduan, seguru etorkizunean lagunduko diola amesten duen urrats hori eman ahal izateko.
Bi txirrindulari zumaiarrek harrera beroa jaso zuten herritarren aldetik euren lagunek prestatutako ekitaldian.
Jubeniletan, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldeko txirrindulariek Arantzazuko igoera jokatu zuten, non Jon Berasategik eta Peru Calvok denboraldiko emaitzarik onena lortu zuten: Jon 12. sailkatu zen eta Peru 16. Amets Alberdik ere ederki amaitu zuen lasterketa.
Gaur arratsaldean Zestoan dute lasterketa. Kadeteak Txumaren oroimenezkoan izan dira, Estatuko kadeterik onenekin leihatu dira bertan, eta oso maila txukuna eman dute; taldeko lau txirrindularietatik Borja Osa izan da egunero taldeko onena, denboran lehen postuetatik gertu, 30. amaitu du. Hiru etapa gogorrek osatutako itzulia izan da, eguraldi zailak lagunduta. 191 txirrindularik parte hartu dute eta 100 inguruk amaitu dute sailkapen nagusian. 41 talderen artean 13. izan da Viveros San Anton, beraz, gogoan hartzeko lana egin dute Borja Osa, Xuban Arakistain, Julen Alkorta eta Daniel Blanco txirrindulariek. Gaur Tolosan dute lasterketa