Gaur Ibarran eta bihar Beasainen, txirrindulari gazteen hurrengo hitzorduak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2026ko abuztuaren 29a

Lukas Blanco Iruñerriko Itzulian leihakortasunaren sariarekin.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kadete eta juniorrek denboraldiko azken txanpari ekingo diote; lau asteburu datoz lasterketaz beteak. Udan ere hainbat txapelketa korritu dituzte. 

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kadete eta juniorrek denboraldiko azken txanpari ekingo diote udara erlaxatuago pasa ostean, nahiz eta tarteka lasterketak izan. Orain, lau asteburu datoz lasterketaz beterik. Larunbat honetan Ibarran juniorrez gain bigarren urteko kadeteek ere parte hartuko dute: Xuban Arakistainek eta Borja Osak.

Igandean, berriz, Beasainen estatu mailako lasterketa gogorra dute juniorrek bakarrik.

Udarako lasterketetatik nabarmentzekoa da junior mailan Arantzazuko igoeran Jon Berasategik eta Peru Calvok emandako maila, 12. eta 16. sailkatu baitziren. Iruñerriko Itzulian, berriz, Lukas Blanco nabarmendu zen, lau eguneko itzulia osatu zuten 60 txirrindulariren artean sailkatu zelako –198 abiatu ziren–. Peru Calvo azken egunean aukeratuen ihesaldan sartu zen, eta hamar lehenengoen artean sailkatzeko borrokan zela erori eta aukera guztiak galdu zituen helmugarako bost kilometroren faltan.

Kadeteetan azken lasterketak prestakuntza bezala izan dira, juniorrekin korritu behar dituzten lasterketei begira: Villatuertan Borja Osa zazpigarren sailkatu zen, Mungian 12., eta Xuban Arakistain 26., nahiz eta saiatu zen azken kilometroan (luzea egin zitzaion esprinta). Murietan eguneko ihesaldian sartu zen Borja Osa, eta zortzi kilometroren faltan harrapatu zituzten, hirugarren posturako borrokan ibili ostean.

Ilusioz eta gogoz daude guztiak denboraldi amaiera txukun bat egiteko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide