Peru Calvo, pedal kolpe onarekin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar

Viveros San Anton-Mardu taldeko txirrindulariak.

Postu onak lortu zituen Peru Calvok asteburuan jokatutako lasterketetan. Onenen artean lehiatzen dakiela erakutsi zuen.

Zortzigarren eta hamaikagarren sailkatu da Peru Calvo asteburuko lasterketetan. Ibarran larunbatean amaiera oso gogorra zuen lasterketan karrera bikaina osatu zuen. Lasterketak lehen erdia laua zuen, baina oso erritmo bizian osatu zuen zati hori. Pelotoia zatitu egin zen eta erne ibili ziren Peru Calvo, Unai Egaña eta Xuban Arakistain kadeteak. Lasterketaren bigarren zati menditsura heltzerako lehen multzoa kideak galtzen hasita zegoen, baina Peru Calvok indartsuenekin segitu zuen, eta azkenean, zortzigarren postuan amaitu zuen proba. 44 kilometro orduko abiaduran osatu zuten lasterketa juniorrek. Jon Berasategik atzetik aurrera egin zuen lasterketa, Osa eta Arakistain kadeteek bikain erantzun zuten eta Amets Alberdik ere lasterketa amaitu zuen. Lukas Blancok erorikoa izan zuen eta ezin izan zuen lasterketan jarraitu.

Igandean, berriz, Beasainen berriz ere Peru Calvok maila oso ona erakutsi zuen, beti onenean artean lehiatuz. Lasterketa gogorra zen, abiadura handian osatu zuten (41km/h) eta bost mendate gurutzatu zituzten, baina, hala ere, zumaiarrak sasoiko dagoela erakutsi zuen eta hamaikagarren bukatu zuen Frantziako selekzioko kide den Lafitte lapurtarrak irabazitako lasterketan. 140 parte hartzaile izan ziren eta 44k bakarrik bukatu zuten.

Viveros San Anton-Marfu taldetik amaitu zuen bestea Unai Egaña izan zen. Asteburu honetan Oñatin eta Liernian dituzte lasterketak juniorrek. Bi lasterketetan bigarren urteko kadeteek parte hartu ahal izango dute; Xuban Arakistainek bietan parte hartuko du eta Borja Osak igandekoan bakarrik, hortxe emango diote denboraldiari amaiera bi kadeteek, eta juniorrei beste bi lasterketa geldituko zaizkie: 13an Zarautzen eta 19an Elgoibarren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide