Denboraldiko azkena

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar

Jon Berasategi, bizikletan.

Bihar Elgoibarren jokatuko duten lasterketarekin amaituko da txirrindularitzaren aurtengo denboraldia.

Heldu da 2026ko denboraldi amaiera. Bihar asteburu Elgoibarren azken lasterketa jokatuko dute, eta, egiari zor, ziklo kros eta pista denboraldiak hastera doaz.

Joan den igandean Zarautzen jokatu zuten lasterketa. Beste behin, karrera hasierako ihesaldiak erabaki zuen lasterketan. Viveros San Anton-Mardu taldeko txirrindulariak geroago ailegatu zen multzoan sartu ziren; Peru Calvo 14. sailkatu zen, Jon Berasategi 19. Lukas Blanco 65. eta Unai Egaña 74.

83 km izan zituen lasterketak eta lau aldiz igo zuten Meaga; hala ere, 42 kilometro orduko abiaduran osatu zuten ibilbidea.

Elgoibarko aste honetako lasterketak itxiko du aurtengo denboraldia: juniorretan Lukas Blanco, Peru Calvo eta Jon Berasategi lehiatuko dira; kategoria horretan jokatuko duten azken lasterketa izango da, datorren denboraldian 23 urtez azpikoen artean ariko baitira. 

Txirrindularitza eskolaren deia

Txirrindularitzaz gozatzen hasi nahi duten benjaminentzat, alebinentzat eta infantilentzat urrian denboraldia hasi ahal izateko bilera egingo dute astelehenean, 19.00etan, Zuloaga enparantzan elkarteak duen egoitzan.

2018an edo lehenago jaiotako neska-mutikoentzat da deialdia. Etorkizunari begira garrantzitsua da bizikleta dominatzen ikastea, arauak ikastea, taldeko sentitzen, norbere gorputza ezagutzen hastea, natura errespetatzrn ikastea... eta oinarria prestatu behar da gero urratsak emateko kirolari eta pertsona bezala. Egitasmo erakargarri honetara gonbidapena luzatzen dizuegu gaztetxo guztiei.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide